Fiskalak 104 urte eskatu du Arkaitz Goikoetxea, Iñigo Gutierrez eta Aitor Cotanorentzat

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 7a, 02:43

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 64 urteko espetxe zigorra eskatu du Arkaitz Goikoetxea Basaberentzat eta hogeina urtekoa Iñigo Gutierrez eta Aitor Cotanorentzat. Efe albiste-agentziak zabaldu duenez, "Bizkaia Konplexua" deritzotenaren aurkako auzirako txostena bukatu dute Dolores Delgado eta Vicente Gonzalez Mota fiskalek eta bertan hiru uribekostarrei zein beste lau auziperatuei, Ana Isabel Prieto, Adur Aristegi, Gaizka Jarreño eta Maialen Zuazo, epaiketan leporatuko dizkietenak bildu dituzte. Bitartean, Aitor Artetxe eta Asier Borrero algortarrak auzitik kanpo utzi dituzte, beste lau lagun gehiago bezala, Frantzian espetxeratuta daudelako. Goikoetxeari "Bizkaia konplexuaren" arduraduna izatea leporatzen diote, honako delituak egotzita: erakunde armadako kidea izatea, erailketa terroristaren asmoz saiatutako atxiloketa ilegala, lehergailu eta armak gordetzea, armak ilegalki izatea eta agiri ofizialen etengabeko faltsutzea. Argazkian, auzokideak Cotano eta Goikoetxearen irudiak sostengatzen, aurreko batean.

Iñigo Gutierrezi eta Aitor Cotanori dagokienez, erakunde armadako kideak izatea eta lehergailu eta armak gordetzea dira akusazioak. Erakunde armadako kidetza egotzita, bestelako auziperatuei zortzina urte eskatzen diete, Zuazori izan ezik, lehergailu eta armak gordetzea ere leporatuta bere aurkako eskaera 18 urtera handitu dutela.

Bertsio ofiziala

Bertsio ofizialaren arabera, 2007ko otsailean, Garikoitz Aspiazu "Txeroki" ETAren Aparatu Militarraren ustezko nagusiak Goikoetxeari "Askatasun Haizea" taldea sortzea agindu ei zion. Getxoztarrak Jurdan Martitegi eta Olga Comesekin sortu omen zuen taldea, fiskalen arabera. Goikoetxeak ustez jasotako aginduak kide gehiago erreklutatzea, balizko helburuei buruzko informazioa lantzea eta Portugalen operazio base egonkorra jartzeko azpiegiturak aztertzea lirateke. Balizko azken asmo horretan kokatu dute Goikoetxea eta Martitegi Lisboara antza egindako bidaia eta bertan leporatu dizkieten dokumentazio eta auto lapurretak, matrikulak faltsutu izana eta hainbat etxebizitza alokatu izana.

Era berean, 2007ko otsailean Grande-Marlaska epailea hiltzeko plana egin izana leporatu diote Goikoetxeari. Fiskalen arabera, atentatua Errioxako Ezkarain egitekoa zen, epaileak bertan igarotzen baitzuen uda. Bonba bat jarri behar omen zioten baina epaileak ez zuen herrira joan. Bestalde, Benjamin Atutxa Eibarko PSE-EEko zinegotzia bahitu eta erailtzeko plangintza ere egotzi diote getxoztarrari, Miguel Angel Blancorekin gertatutakoa errepikatu nahi zuelakoan.

Ildo berean, bestelako helburuak ere ikertu ei zuten "Askatasun Haizea"ko kideek. Besteak beste, Aitor Cotanori Sopela eta Leioako PSE-EEren herriko etxeak, Areetako PPren egoitza, Plentzia, Bermeo eta Santurtziko Ertzain-etxeak eta Balmasedako epaitegiak ikuskatu izana egotzi diote. Horretaz gain, AHTrekin lotutako Euskal Herriko hainbat enpresa, Guardia Zibilak Burgosen duen kuartela, Burgosko Museo Militarra eta Ramon Rabanera Arabako diputatu nagusi popularraren aurkako atentatuak egiteko informazioa bildu izana leporatu diote taldeari.

Cotano eta Gutierrezi dagokienez, "Bizkaia konplexuaren" menpe legokeen "Hegoa" taldea Asier Borrerorekin sortu zutela diote Delgado eta Gonzalez fiskalek. Haien aburuz, Goikoetxea Ezkarain egon zenean Gutierrezek bertan duen etxean gelditu zen. Horretaz gain, 2008ko urtarrilean, apirilean eta maiatzean, Cotanok eta Gutierrezek mugaren alde batetik bestera lehergailuak hiru aldiz garraiatu zutela diote. Horrekin batera, Errioxan eta Bizkaian hiru zulo eta barne komunikaziorako hainbat "postontzi" egin zituzten, fiskalen arabera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun