ETBk aipatu ekitaldia grabatuko du, eta dokumental gisa emango du zuri-beltzez. Antzezpena Gontzal Mendibilek zuzenduko du, antzezte-zereginetan 60 aktore eta figurantek gidatu beharko dituela. Urte odoltsu eta latz haietan, 36ko Gerra bete-betean zela, gauzatu zen gertaera historiko haren giroan sartu beharko ditu. Guztiek, Gobernu-hartzeko hitzaldiek, ekitaldi haien mahaiburutza foru-tankeraz eratzeak, gudarien desfileek eta lehenengo Eusko Jaurlaritzari egindako arma-aurkezteak gogoraraziko dituzte; 1936ko urriko 7 hartan bizi izandako une zirraragarriak. Garaiko jantzi eta attrezzo eta guzti.
Gainera, gerra-fronteko irudiak ere proiektatuko dira. Ekitaldian, bestalde, Ertzaintzaren Musika Bandak, Gernikako Gaudeamus Koralak, Beti Jai Alaiko dantzariek eta Bilboko Udal Txistulari Bandak ere parte hartuko dute.
Agirre ohoratzea
Gontzal Mendibilek sortutako antzezpenean, eta beraren zuzendaritzapean, Ramon Agirre aktoreak hezurmamituko du Jose Antonio Agirre. 36ko Eusko Jaurlaritzaren osakideek, ekitaldira etorritako kontsulek, Espainiako Errepublikaren ordezkari instituzional zenbaitek eta usadio zaharrean eratutako mahaiburutzak emango diote bizia sinbolismoz betetako ekitaldi zirraragarri bati. "Agirre lehendakariaren balioek eta ondareak xedatzen dute beraren heriotzaren 50. urteurrena. Eta ekitaldi honen asmoa, hain zuzen ere, gure lehenengo lehendakariaren figura ohoratzea da, Eusko Jaurlaritza haren zilegitasun demokratikoa eta politikoa errebindikatzea eta belaunaldi hark herri honen askatasunaren eta burujabetzaren alde egindako lana agerraraztea", azaldu dute AL50 Batzordeko arduradunek.