Torturaren aurkako manifestazioa babestu dute dozenaka leioaztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 7a, 14:33

"Torturarik ez!" lelopeko manifestazioa egingo dute bihar, 20:00etan, Leioako Boulevardetik abiatuta. Deialdi hori Leioako dozenaka auzokidek eta hainbat eragileren ordezkarik babestu dute egunotan, herenegun egindako agerraldia (mp3), horren erakusgarri dela. Ekitaldian, AAMko kideek eta irailaren 14an atxilotutako Erika Bilbaoren senideek ere parte hartu zuten, torturak salatzeagatik Ertzaintzak atxilotu zituen auzokideak bezala. Bertako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak egin zuen deialdia Erika Bilbaok pairatutako torturak salatzeko eta horrelako kasuak berriro errepika ez daitezen neurriak jartzea eskatzeko asmoz. Besteak beste, Leioako hainbat auzoko jai batzorde, Berbalamiñe euskara taldea, udalerriko institutu eta ikastolako zenbait langile eta irakasle, Udondo gaztetxea, gazte mugimendua, IA, Bilgune Feminista eta makina bat herritarrek bat egin dute "oinarrizko giza eskubideak zapaltzearen" aurkako martxarekin.

Erika Bilbaok eta Ekinen aurkako sarekadan beste zortzi euskal herritarrek jazotako torturak salatzeko manifestazioa orain dela hiru aste deitu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Baina irailaren 24an martxa egitea eragotzi zuen Ertzaintzak eta atzeratzea erabaki zuten. Orain, Uribe Kostako AAMren aburuz, "aste honetan Atristain eta Besanzek jasandako tortura ikaragarriek indar berria eman diote torturaren aurkako aldarrikapenari, torturaren erabilera amaitu eta gatazka politikoari bidea emateko, alegia, are gehiago Urkullu moduko politikariek komunikabideetan giza eskubideen inguruan errealitatea distortsionatu eta holako gertaerak ezkutatzen ahalegintzen direnean".

AAMren, auzokideen eta Erika Bilbaoren senideen oharra:

Torturarik ez!

Irailaren 14an Guardia zibilak Erika Bilbao atxilotu zuen, beste zortzi euskal herritarrekin batera. Bere etxea eta Leioako Kurkudi Herriko Taberna arakatu zituen. Tabernan zazpi ordu luze eman zituzten Sabino Arana kalea eguerdira arte okupatuz, Leioako bizilagunak kikilduz.

Bost egun komisarian inkomunikaturik igaro ondoren, Madrileko Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean tortura eta tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten atxilotu guztiek. Erikak salatutakoen artean:

- Behin Madrilen dela gela ilun batean eduki dute denbora luzez, eta bertatik ateratzean beti antifaza jarrita izan du.


- Psikologikoki jasan duen jazarpena oso gogorra izan da, bere senideen gaineko mehatxuak izan ditu, bere bizitza pertsonalarekin sartu dira.

- Oihu ugari egin dizkiote eta zarata ugari entzun ditu inkomunikaturik egon den aldian.


- Kolpeak eman dizkiote eta postura behartuetan egotera behartu dute.


- Askotan jarri diote poltsa buruan arnasarik gabe uzteraino.


- Elektrodoak jartzearekin mehatxatu dute.

Tortura kasu hauek salatzeko Leioan erakusketa mugikor bat antolatu zen eta irailaren 25erako mobilizazio bat deitu. Astean zehar arazorik gabe jarri zen erakusketa, baina ostirala 25ean, erakusketarekin batera panfletoak banatzen zeuden bi pertsona eta azalpenak eskatzera hurbildutako beste hiru identifikatu zituen Ertzaintzak. Azkenean bi lagun atxilotu zituen “tortura salatzea delitua delako” aitzakiapean.

Azken polizia operazioarekin, beste behin ere, oinarrizko giza eskubideak zapaldu ditu Espainiako Gobernuak, atxilotuak basatiki torturatuz. Horretaz gain, erakutsi nahi izan du Euskal Herrian lan politikoa egitea zigortua izango dela torturarekin, espetxearekin eta sakabanaketarekin, eta abiarazi nahi den prozesu demokratikoa zapuzteko nahia duela.

Tortura kasu gehiagorik eman ez dadin, honako neurri hauek hartzea ezinbestekoa da:

- Inkomunikazioa baimentzen duen legea indargabetzea, NBEko azkeneko informeak eskatzen duen bezala, torturarekin bukatuko dela ziurtatzeko.

- Espainiako Auzitegi Nazionala Euskal Herrian esku-hartzerik duen epaitegi gisa berehala desagertzea.

- Orain arte inkomunikazioa eta tortura baliatuz irekitako prozedura judizial guztiak baliogabetu eta horien bidez espetxeratutako guztiak askatzea.

- Tortura sistematikoki erabiltzen dela aitortzea eta kaltetuen izaera ezagutzea.

Hau guztia kontuan izanik, Leioako Amnistiaren Aldeko Mugimendutik leioaztarrei, alderdi politikoei, sindikatuei, merkatariei, jendarte zein kultur eragileei, basakeria honen aurrean Torturarekin amaitzeko neurriekin bat egitea eskatu nahi dizugu. Era berean, zuen konpromisoa agertzea eskatu nahi dizuegu honako ekimenetan parte hartuz:

Urriaren 8an, Torturarik ez! Lelopean, 20:00etan Bulebarretik abiatuko den manifestaldira dei eginez eta bertan parte hartuz.

Agerraldia argazkitan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun