Bihar, ostirala, ere bi ekimen izango dira. Larrabasterrako Plaza Beltza herri kulturgunean maputxeei buruzko hitzaldia izango da 18:00etan. Ordu bat beranduago, "Internazionalismoa ez da delitua! Atxilotuk askatu!" manifestazioa abiatuko da Iruñeko Gaztelu plazatik.
Era berean, larunbatean, VI. Egun Antifaxistaren baitan, "Maputxe herria, historia eta gaur eguneko borroka" hitzaldia emango dute goizeko 12etan, Leioako Udondo gaztetxean.
Urriaren 12a
Asteartean, hilaren 12an "Hispanitatearen Eguna deritzotena salatuko du Independentistak sareak, "data horrek hasiera eman ziolako kulturen deuseztatzeri, lurren lapurretari, esplotazioari eta Ameriketako bertako jatorrizko herrien aurkako ia desagertzerainoko sarraskiari". Era berean, "amerikar herri eta nazioen independentzia prozesuen hasieraren bigarren mendeurrena betetzen den une honetan, oroitzapen hau ospatzeko eta hiru mendetako espainiar domeinuaren amaiera ekarri zuen amerikar herriaren, Abya Yala-ren, izugarrizko borroka omentzeko" asmoa azaldu dute. Horretarako, "Guk ere independentzia" lelopeko Martxa Berdea egingo dute asteartean, 17:00etatik aurrera, Golem zinematik. Besteak beste, euskal jatorriko Simon Bolibar askatzailea omenduko dute.
Internazionalista Eguna
Askapenak eta Komite Internazionalistek jakinarazi dutenez, "azken gertakarien aurrean eta internazionalismoa kriminalizatzeko saiakeren aurrean", aurreikusita zegoen bezala, urriaren 16an Gernikan eta Ziortza-Bolibarren ospatuko dute Internazionalista Eguna. Bertako behin-behineko egitaraua honakoa da:
- 11etan, Simon Bolivarri omenaldia, Ziortza-Bolibarren.
- 11etan, gune kulturala, Gernika-Lumoko merkatu plazan.
- 14etan, herri bazkaria, merkatu plazan.
- 18:30ean, errebindikazio kalejira eta ekitaldi politikoa.
- 21:00etan, kontzertua Zahil, Siroka, Itziarren Semeak eta Stupenda Jones taldeekin.