Txapeldunik gabeko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa abiatuko da etzi

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 8a, 18:39

"Plazan alkartuko gara" lelopean, igande honetatik abenduaren 18ra arte Bizkaiko Bertsolari Txapelketa burutuko da. Halere, txapeldunik gabeko txapelketa izango da. 1994tik hona txapeldun izandako hiru bertsolariek, alegia, Xabi Paya (2006), Unai Iturriaga (1994 eta 1996) eta Igor Elortza (1998, 2000, 2002, 2004, eta 2008), ez baitute parte hartuko lehiaketan. Payaren kasuan, lan kontuak direla eta Ingalaterran dabil egun. Gauzak horrela, inoiz baino irekiago aurkezten da aurtengo txapelketa. Horrela onartzen zuten atzo bertsolariek beraiek, Leioako Mendibile jauregian egindako aurkezpenean. Gehienek iazko finalistak (Fredi Paya, Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra eta Onintza Enbeita) faborito gisa ikusten badituzte ere, edozeinek huts egin dezakeela badakite. Era berean, Jone Uria Uribe Kostako txapeldunak eta Miren Amuriza Durangaldekoak ordezkatzen duten belaunaldi berriak ezustekoa eman dezakeelakoan daude. Argazkian, eskualdeko zazpi bertsolariak atzo Mendibilen.

Ametsak amets, Uribe Kostak lehiara bidalitako zazpi bertsolariak BECeko finalean ikusi nahi dituena ere bada, baina Fredi eta Itxaso Paya, Jone Uria, Arrate Illaro, Beñat eta Peru Vidal eta Joanes Igeregik izerdi patsetan aritu beharko lirateke horretarako. Azkenik, Nostromo espazio-ontzian bezala, zortzigarren bidaiaria izango du ALBEko espedizioak, txapelketako antolakuntzan Goizalde Atxutegi arituko baita.

Baina eskualdeko hutsuneak ere izango dira txapelketa honetan, Xabi Payarenaz aparte. Bizkaikoan abesteko sailkatu zen Aitzol de Castro leioaztarrak, adibidez, ez du parte hartuko azkenean. Baina bera baino atzo gehiago bota zuten faltan ALBEko beste kide bat. Gabi Basañez algortarra da hori, irailaren 28an Askapenaren aurkako sarekadan atxilotuta Espainiara eraman zutena.

Plazaz plaza eta sareko plaza

Baina, iluntzean txakolindegian aurkezpena eta Joanes Igeregik, Arrate Illarok, Iratxe Ibarrak eta Etxahun Lekuek bertso batzuk (mp3) bota bazituzten ere, goizean protokolozko aurkezpena burutu zuen Bizkaiko Bertsozale elkarteak Mungiako Olalde Aretoko plazan. Bertan, Edu Iriondo Mungiako euskara eta komunikazio arloko zinegotzia eta alkateordeak botatako bertsoen (mp3) ostean, Karmelo Uriarte (mp3) Bizkaiko Bertsozale elkarteko lehendakaria eta Miren Dobaran (mp3) Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Sustapenerako zuzendaria mintzatu ziren, atzean Garikoitz Arregi grafittigileak txapelketako irudia izango den horma-irudia margotzen zuela. Aitor Etxebarria El Txef A DJak sortutako sintonia (mp3) ere entzungai izan zen.

Uriartek Unai Iturriagaren berbak erabili zituen aurtengo leloa eta txapelketaren xedea islatzeko: "bertsolariak beti izan dau plaza eta plazak beti emon dau zalea, eta zaletik etorri da bertsolaria, eta zirkulua bueltaka hasten da bapatean baina inoiz ez ezerezetik. Jende askoren lana dagoalako bapatekotasunaren atzean. Bakarrik ez. Ez gagoz bakarrik. Eta ez gara plazan gabizen bakarrak. Guk berba ipinten dogun lekuan ipinten dabe beste batzuk kolorea, erritmoa, doinua... Bat egiten dogu batzutan eta horma berean errimetan dogu, edo erritmo berean inprobisetan edo doinu berean pentsetan dogu. Bapatean".

Hausnarketa hori lehiaketak eta plazako edo beste motako saioak desberdintzen dituztenei zuzendu zieten ere antolatzaileek: "Ez da txapelketa bakarrik. Plaza da. Plaza ez dalako espazio jakin bat, eraikuntza konpartidu bat baino. Ez gara bakarrak. Ez gagoz bakarrik. Plazan alkartuko gara". Eta horrela, plazaz plaza joango da txapelketa, baita sarean ere.

Esate baterako, ohiko bizkaikotxapelketa.biz webgunean eskainiko dute txapelketaren gaineko informazioa. Bertara, nahi dutenek Bizkaiko bertsogintzaren inguruko bideoak, argazkiak eta enparauak bidaltzeko aukera izango dute. Bertsosarrerak.eu gunea ere erabili ahal izango da, sarrerak erosteko. Eskualdeetako txapelketan ibilitako Kopla Barik telebistak ere jarraipena izango du, tartean hainbat nobedade ekarriko dituela. Bestalde, txapelketako guneak Bizkaiko bertsolaritzaren transmisioari arreta berezia jarriko dio. Horretaz landa, Plazanalkartukogara Facebook-eko profilean eta Bizkaikoplaza Twitter kontuan ere izango dira Bizkaiko txapela zein buruk jantziko duen jakiteko bideak.

Bost kanporaketa eta hiru finalaurreko

Kanporaketa guztiek izango dute lotura Uribe Kostarekin. Izan ere, bertako bertsolaririk izango ez den saio bakarra bertan egingo baita, Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegian.

Lehenengo saioa igande honetan izango da, Mungiako Olalde Aretoan, arratsaldeko 5:30ean, saio guztien ordu bera. Bertan, Itxaso Payaz gain, Ohiana Bartra, Xabier Enbeita, Julen Erezuma, Ander Elortegi eta Julen Sololuze jardungo dira, Maite Berriozabalen gaiei so izango direla.

Bigarren saioa hurrengo igandean, hilak 17, egingo dute Balmasedako Klaret antzokian. Bertan, Jone Uriaren txanda izango da. Berarekin batera, Joseba Artza, Asier Legarreta, Iker Belastegi, Iñaki Iturriotz eta Lander Ibarluzeak abestuko dute. Gaiak Bernardo Mandalunizek banatuko ditu.

Arrate Illarok eta Peru Vidalek, ordea, hirugarren saiora arte itxaron beharko dute, hilaren 24ra arte, alegia. Aulestiko kiroldegian jardungo dira Mikel Goiriena, Gorka Ostolaza, Ibon Ajuria eta Xabat Galletebeitiarekin. Leire Bilbao izango da gai emolea.

Azkenik, hilaren 31an, kanporaketak bukatuko dira ALBEko kideentzat, Igorreko kiroldegian Beñat Vidal eta Joanes Igeregi finalaurrekoetarako pasea eskuratzen saiatuko direla. Kanporaketa berean Eneko Abasolo, Ortzi Garitano, Peio Ormazabal eta Miren Amurizak abestuko dute, Leire Aurrekoetxeak gidatuta.

Azken kanporaketa, azaroaren 7an jokatuko da, Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegian. Eskauldeko bertsolariren ezean, Eneko Arrate, Ion Barrocal, Beñat Ugartetxea, Olatz Ibarluzea, Gorka Lazkano eta Eñaut Uruburu arituko dira. Gai emolea Zuriñe Iarritu izango da.

Handik aurrera, hiru finalaurreko burutuko dira, Fredi Paya, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra eta Arkaitz Estiballes aurreko txapelketako finalistak zuzenean haraino helduko direla. Haiekin batera, kanporaketetako irabazleak eta puntuazioaren arabera sailkatutako beste sei bertsolarik parte hartuko dute. Finalaurrekoak azaroaren 21ean, Durangoko Landako gunean; 28an, Zornotzako Zelaieta zentroan; eta, azkena, abenduaren 5ean, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Bertan arituko da Fredi Paya. Azkenik, zortzi finalistek lehia gogorra izango dute abenduaren 18an Barakaldoko BEC erakustazokan.

Sarrerak

Saioetako sarrerak aurretik erosteko aukera dago txapelketako webgunetik bertatik edota zuzenean www.bertsosarrerak.eu webgunean.

Mungia eta Leioako aurkezpenak iruditan:



"Plazan alkartuko gara" bideoklipa

Plazan alkartuko gara from Plazan Alkartuko Gara on Vimeo.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun