Jaialdia bukatu ostean, Trikisession-a egingo dute Areetako Glass tabernan. Bertan, ekimenean parte hartu duten musikariek aukera izango dute, era informalago batean, elkarrekin jotzeko eta inprobisatzeko, besteak beste. Aipatu tabernaraino hurbilduko diren musikari eta zaleek ere eurekin batera jo, kantatu eta dantzatu ahal izango dute.
Parte-hartzaileak
Euskal Herritik etorritako trikitilari eta musikariekin batera, Italiatik, Bretainiatik eta Herrialde Katalanetatik etorritako artistak ere hurbilduko dira aurtengo Nazioarteko Trikitixa Jaialdira.
Italiatik etorrita, Claudio de Angelirekin batera, Filippo Gambettak kutsu tradizionaleko autore-musikako emanaldia eskainiko du soinu diatoniko eta gitarra akustikoaren bidez. Konposizioak hein handi batean Filipporenak dira, estilo ezberdinetakoak eta guztiz libreak.
Imosima talde bretoiak, Bretainiako, Irlandako eta Quebec-eko musika egiten du, baina jaialdian Bretainiako dantza eta festarako musika eskainiko digute. Horrela, musika tradizionala eta sorkuntza berriagoak uztartuko dituzte Audrey Le Jossec akordeoi diatoniko jotzailearen gustu eta ukitu bereziarekin.
Blai Casals eta Manu Sabate musikari gazteek Kataluniako
musika tradizionalarekiko zaletasuna gordetzen dute. 2003an elkar ezagutu zutenetik biak daude folk munduan murgildurik.
Urola bailarako Kupela taldea Zabale (trikitixa), Larrañaga (panderoa eta ahotsa) eta Berastegi (perkusioa) hirukoteak osatzen du. Erromeria giroan urte luzeetako esperientzia biltzen duen taldea da eta festarako eta dantzarako musika alaia egiten dute. Aurten, "Arriskua maite" azken lana aurkeztu dute.
Mirari Azkune eta Aitziber Otegi bikote moduan Euskal Kantu Txapelketan parte hartu zuten orain bi urte, musika laguntza eta "a capella" modalitateetan abestuz, eta Interpretazio onenaren saria irabazi zuten musika laguntza modalitatean. Aurten, Sanjoseetako jaialdian ere hartu dute parte, Mirariren lehengusuekin batera.
Xabi Aburruzagak eta Jose Urrezolak urtean zehar banda osoarekin herri zein folk jaialdi ezberdinetan hainbat kontzertu eskaini ondoren (Ortigueira, Mendebala eta Getxon, besteak beste), bikote formatuan euren musika moldatuz ere emanaldiak egin dituzte. Jaialdian “Denboraren naufrago” diskoko piezak eskainiko dituzte. Josek hainbat musika tresna erabiliz Xabiren trikitixa doinuak jantziko ditu.
Sarrerak
Sarrerak Nazioarteko Trikitixa Jaialdia hasi baino lehenago Andres Isasiko leihatilan erosi ahal izango dira 6 eurotan. Aldez aurretik, hilaren 25etik aurrera, BBKko kutxazainetan eta Getxoko Kultur Etxearen bitartez ere eros daitezke prezio berdinean. Trikisession-erako sarrera doakoa izango da.