Fernando Fernandez Diezek, EHUko Leioa eta Erandioko campuseko
garabietako batera igo zen gizonezkoa, bere egoera konpontzeko epe zabalagoa lortu du. Izan ere, bankuari bueltatutako erreziboak, 8.000 bat euro, ordaintzeko epea azaroaren 22ra arte luzatu dio Barclays bankuak. Pagatu ezean, egun horretan etxebizitza enkatean jarriko dute, "Deia" egunkariko edizio digitalak zabaldu duenez. Fernandez, langabezian geratu zenean, hilabeteko 420 euroko laguntza eskuratu zuen. Denbora batez eutsi ostean, ez zaio nahikoa izan hipotekaren ordainketari aurre egin ahal izateko eta, bankuak ordaintzeko denbora gehiago ematen ez ziolakoan, irailaren 28an protestari ekin zion Errepelegako igeltseroak. Baina handik
bi egunera garabitik jaitsi behar izan zuten hipotermia sintomak hasita zituelako. Argazkian, Fernando Fernandez Diez garabi gainean.