Erakusketaren bitartez, udalerriaren historia erakutsiko da, bere lehenengo biztanleek utzi zituzten aztarnak jarraituz. Aipatu aztarnak, hainbat arkeologok Azkorri eta Barinatxeko labarretan, Munarrikolandan, eta herrigunean azterkatu dituzte; eta horiei esker, ikusi ahal izango da Sopelaren bilakaera orain dela 40.000 urtetik gaur egunera arte.
Bisita gidatuak
Europar Ondareko Jardunaldien barruan gidatutako bisitak izango dira urriaren 17an, igandea, eta 23an, larunbata. Batean zein bestean, irteera goizeko 9etan jarri dute Larrabasterrako Urko kiroldegiko aparkalekuan, Munarrikolandatik ibilbidea egiteko. Bertan, orain dela 5.000 urte herritarrek eraiki zituzten hilobiak aurkitu daitezke. Gainera, nola eraiki zituzten ikasiko dute parte-hartzailek. "Oso zaila da hilobi hauek ikustea. Arrazoi nagusia eraiki zutenetik igaro den denbora da. Urteak aurrera joan ahala, aztarnak hondatuz joan dira. Horregatik, erne ibili behar da hilobiak ikusteko", azaldu dute tokiko arduradunek. Bueltan, Santa Mariñe baseliza, Erdi Arokoa, eta Fraidemendiko monolitoa, “Munarri” izenez ezagutua, bisitatuko dituzte. Udaletik ohartarazi dutenez, tokiak mugatuak dira. Ibilbidearen iraupena lau ordukoa izango da. Argibide gehiagorako zein lekua erreserbatzeko 944 065 519 telefono zenbakira dei daiteke.