Aurten ere, Getxo udalerriko gazteek eskurago izango dute "
Gaztezulo" aldizkari gazte eta euskalduna. Izan ere, aldizkari hori sustatzen duen "Irakurriz Gozatu" egitasmoan parte hartuko du berriro ere Getxoko Udaleko Gazteria Zerbitzuak. Horri esker, hezkuntza zentroei Gaztezulo aldizkaria sei hilabetez eta dohainik jasotzeko aukera ematen zaie. Aldizkaria Batxilergoko 1. mailako ikasleei dago zuzenduta. Joan den ikasturtean Getxo udalerriko 249 ikaslek hartu zuten parte egitasmoan: 156 Aixerrota Institutukoak ziren, 46 Azkorri ikastetxekoak, 25 Julio Caro Baroja-Getxo I Institutukoak eta beste 22 Fadura Institutukoak. 2008an, berriz, 237 ikaslek gozatu zuten "Gaztezulo"z. Iniziatibaren helburua, euskaraz idatzitako produktuen kontsumoa eta, oro har, irakurtzearen gozamena sustatzea da. Ekimena Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat udalen eta ikastetxeren laguntzarekin egiten da. Argazkian, Algortako Bost Axola koadrilako lagunek Gaztezulo.com-era bidalitako jai irudia / © Mirane.