Besteak beste, Leioako hainbat auzoko jai batzorde, Berbalamiñe euskara taldea, udalerriko institutu eta ikastolako zenbait langile eta irakasle, Udondo gaztetxea, gazte mugimendua, IA, Bilgune Feminista eta makina bat herritarrek bat egin zuten "oinarrizko giza eskubideak zapaltzearen" aurkako martxarekin.
Leioan irakurritako manifestua
AAMren, auzokideen eta Erika Bilbaoren senideen oharra:
Torturarik ez!
Irailaren 14an Guardia zibilak Erika Bilbao atxilotu zuen, beste zortzi euskal herritarrekin batera. Bere etxea eta Leioako Kurkudi Herriko Taberna arakatu zituen. Tabernan zazpi ordu luze eman zituzten Sabino Arana kalea eguerdira arte okupatuz, Leioako bizilagunak kikilduz.
Bost egun komisarian inkomunikaturik igaro ondoren, Madrileko Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean tortura eta tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten atxilotu guztiek. Erikak salatutakoen artean:
- Behin Madrilen dela gela ilun batean eduki dute denbora luzez, eta bertatik ateratzean beti antifaza jarrita izan du.
- Psikologikoki jasan duen jazarpena oso gogorra izan da, bere senideen gaineko mehatxuak izan ditu, bere bizitza pertsonalarekin sartu dira.
- Oihu ugari egin dizkiote eta zarata ugari entzun ditu inkomunikaturik egon den aldian.
- Kolpeak eman dizkiote eta postura behartuetan egotera behartu dute.
- Askotan jarri diote poltsa buruan arnasarik gabe uzteraino.
- Elektrodoak jartzearekin mehatxatu dute.
Tortura kasu hauek salatzeko Leioan erakusketa mugikor bat antolatu zen eta irailaren 25erako mobilizazio bat deitu. Astean zehar arazorik gabe jarri zen erakusketa, baina ostirala 25ean, erakusketarekin batera panfletoak banatzen zeuden bi pertsona eta azalpenak eskatzera hurbildutako beste hiru identifikatu zituen Ertzaintzak. Azkenean bi lagun atxilotu zituen “tortura salatzea delitua delako” aitzakiapean.
Azken polizia operazioarekin, beste behin ere, oinarrizko giza eskubideak zapaldu ditu Espainiako Gobernuak, atxilotuak basatiki torturatuz. Horretaz gain, erakutsi nahi izan du Euskal Herrian lan politikoa egitea zigortua izango dela torturarekin, espetxearekin eta sakabanaketarekin, eta abiarazi nahi den prozesu demokratikoa zapuzteko nahia duela.
Tortura kasu gehiagorik eman ez dadin, honako neurri hauek hartzea ezinbestekoa da:
- Inkomunikazioa baimentzen duen legea indargabetzea, NBEko azkeneko informeak eskatzen duen bezala, torturarekin bukatuko dela ziurtatzeko.
- Espainiako Auzitegi Nazionala Euskal Herrian esku-hartzerik duen epaitegi gisa berehala desagertzea.
- Orain arte inkomunikazioa eta tortura baliatuz irekitako prozedura judizial guztiak baliogabetu eta horien bidez espetxeratutako guztiak askatzea.
- Tortura sistematikoki erabiltzen dela aitortzea eta kaltetuen izaera ezagutzea.
Hau guztia kontuan izanik, Leioako Amnistiaren Aldeko Mugimendutik leioaztarrei, alderdi politikoei, sindikatuei, merkatariei, jendarte zein kultur eragileei, basakeria honen aurrean Torturarekin amaitzeko neurriekin bat egitea eskatu nahi dizuegu. Era berean, zuen konpromisoa agertzea eskatu nahi dizuegu.