Mungian arituko diren bertsolariak
• Itxaso Paya: (1988, Algorta): Ikus entzunezko Komunikazio eta Arte dramatikoko ikaslea. Bizkaiko Eskolarteko Bertso idatzien lehiaketan hainbat sari jasotakoa, bat-bateko Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan txapeldunorde izan zen 2005ean eta txapeldun 2006an. Urte horretan Bizkaiko Bertsolari Txapelketan ere parte hartu zuen eta Ipar-Uribeko txapela jantzi. Hirugarren txapelketa du aurtengoa.
• Oihana Bartra (1984, Bilbo): Irakaslea, Loiuko Lauro ikastolan. Itzubaltzetako bertso eskolan irakasle izan zen bi urtez. Santutxuko bertso eskolako kidea. Lautan Bilboaldeko txapelduna. Bizkaiko txapelketan 2002, 2004, 2006 eta 2008an parte hartzaile (azken hiruretan finalaurrekoetan kantatu du). 2009ko Euskal Herriko txapelketan ere kantatu zuen.
• Xabier Enbeita (1978, Gernika-Lumo): Gernika-Lumon jaiotako natxituar gernikaratua. Natxituko bertso eskolako kide, Lilibertsoko kide eta Mekola guneko partaidea gaur egun. Zallako bertso eskolako umeen irakasle eta hezkuntza arautuko bertso irakaslea. 1996ko Araba Bizkaiko txapelketatik hona Busturialdeko Txapelketa guztietan abestu du eta Bizkaikoan ere guztietan 2006koan izan ezik. 2008 eta 2010ko Busturialdeko txapelduna.
• Julen Erezuma (1980, Gernika-Lumo): Automobilentzako piezak egiten dituen enpresa batean egiten du behar. 2008ko Busturialdeko txapelketan parte hartu zuen lehenengoz eta Bizkaiko Txapelketara sailkatu zen.
• Ander Elortegi: (1985, Natxitua, Ea): Industri Ingeniaritza teknikoa egin zuen, industria elektronikan espezializatua. Gaur egun ikastetxeetan bertsolaritzako klaseak ematen dabil eta Natxituko bertso-eskolako kidea da. 2010ko Busturialdeko txapeldunordea.
• Julen Sololuze: (1990, Ermua): Ingeniaritza mekanikoko ikaslea. "2005eko txapelketan bertsozaletu nintzen, nahiz eta aurretik ere gustau. Handik aurrera lagun artean bertsotan egiten, liburuak erosten eta bertsoak ikasten hasi nintzen. Irailean Eibarko Hankamotxak bertso eskolan hasi nintzen eta oso gustora nago han, ostegunero sortzen dogun giroarekin".
Epaile taldea
Mirari Azula, Jurgi Fuentes, Iñigo Gojenola, Josu Telleria, Gorka Intxaurbe eta Ainhoa Munitxak osatuko dute epaimahaia. Eta ordezko epaileak Moises Enbeita, Iñaki Aurrekoetxea eta Asier Ibaibarriaga izango dira.
Miren Itziar Basterretxea ibiliko da idazkari lanetan.
Egin beharreko lanak
• 8ko nagusian ofiziotan 3na bertso.
• 8ko txikian ofiziotan 3na bertso.
• Bakarkako lana.
• Puntua emanda bertso bat zortziko txikian.
• Puntua emanda bertso bat zortziko txikian.
• Kartzelako lana: Gai bati buruz hiru bertso doinu/neurri librean.
Saioko irabazleak ziurtatuta dauka finalaurrekoetarako pasea, gainontzekoak, puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara pasatzeko aukera.
Atzoko Kandilejas tabernako bertso saioa iruditan