Euskal Herriaren asimilazioari aurre egingo dio EHEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 10a, 16:30

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimendu euskaltzaleak Nazio Batzarra burutu zuen atzo Arabako Etxabarri-Ibiñan. Bertan, 2010-2011 ikasturteko erronka nagusiak aztertu eta aurrera begirako egitasmoak adostu zuten erakundeko 50 bat kidek. Eragileak aurten markatzen zuen norabidea izan zuten eztabaidagai. Zentzu horretan, Euskal Herriak mendeetan zehar bizi duen asimilazio prozesuari aurre egitea kokatu du EHEk bere lehentasunen artean. Izan ere, "Euskal herriari izena eta izana eman eta ematen dion hizkuntza zapuztu nahian errotzen da batez ere frantziar eta espainiar nazionalismoek bideratu asimilazio prozesua", EHEren aburuz: "hizkuntza ordezkapena izan dute prozesu horren giltzarri nagusi". Argazkia: © EHE.

Bestalde, herriaren askapen prozesua eztabaidagai izan zuten EHEko kideek. "Euskal Herriaren askapen prozesua Herri Euskaldunaren eraikuntzari lotu behar zaiola" ondorioztatu dute. Hari horri tiraka, duela 30 urte, euskara nazio arazoaren osagarri nagusi gisa kokatzeko nahian sortu zela EHE ondorioztatu dute.

Hala, praktikan ere asimilazio prozesua gainditzeari begira EHEren dinamika propioak osatu eta indartu beharra dagoela aipatu da Nazio Batzarrean. Asimilazio prozesua gainditzeko eta euskararen herriaren berreuskalduntze prozesua indartzeko, "esparru guztietan euskarari lehentasuna ematea ei baita gakoa". Alde batetik, "bere jarduna aurrera eramateko euskaraz biziko den herria berreraikitzeko eragitea" kontuan hartu beharrekotzat jo du eragileak, baina bestetik, bidea egitea ere badagokiola adierazi du: "Maila sozialean, komunitatearen baitan euskaraz bizitzeko hautua indartuz. Maila politikoan, hizkuntza politika burujabea garatzeko herri eskubidea aldarrikatuz. Maila juridikoan, euskarak gaur eguneko menpeko estatusak gainditu eta lehentasunezko estatusa izatea bultzatuz".

Ikasturte berrirako helburu nagusiak

“Egin eta eragin, biak dira beharrezko herri euskaldunaren bidean. Euskaraz bizitzeko hautua indartu behar" dela azpimarratu dute, "hautua euskaraz bizitzeko bidean egin ahal duguna egiteko". Baina bidean eragin ere egin behar dutelakoan daude: "baldintzak sortu behar ditugu aldaketak eman daitezen. Guri biak egitea dagokigu, egitea zein eragitea":

• Euskaraz bizitzeko hautua eta dinamika praktikan jarri beharra. Bidea egiteko lan ideologikoa egin beharko dutela onartu dute, eta euskaltzaleengan zein abertzaleengan eragin beharko dutela lehentasunez, baina herri osoarengan eragin beharra dagoela "bidearen helmugaraino heltzeko".

• Herritarren aktibazioa: "euskaraz bizitzeko guk bidea egin dezakegula helarazi, herritarrak aktibatuz, baina baita horretarako aldaketa orokor batzuk ezinbestekoak izango direla ere helarazi behar dugu".

• Elkarlana: "bidea elkarlanean oinarritu behar dugu, eta horretarako aukerak sortu behar ditugu".

• Norbanakoen ekimena: "norbanakoen 'euskalduna naiz eta harro nago' ildoa martxan jarri behar dugu, norbanakoaren euskaraz bizitzeko hautua indartu behar dugu".

• Hizkuntza eskubideen defentsa eta aldarrikapena: "egiten jarraitu behar dugu, dagokiguna borrokatu behar dugulako.
Hizkuntza-politika burujabearen aldeko aldarrikapena egin behar dugu".

• Salaketa: "iruzurrak eta erasoak salatu behar ditugu, eta eman beharreko benetako aldaketa zein den argi utzi behar dugu. Alternatibaren alde egin behar dugu".

Euskaltzaleentzako hitzorduak

EHEk hainbat ekimen eta une identifikatu ditu ikasturte honetan zehar eragiteko. Hala nola, azaroaren 20tik 27ra eta urtero bezala egingo den Ezabaketa Astea: "Aipatu ekimenaren bidez Herri Euskalduna helburu ez duten politika eta legedien salaketa egingo da. Herriz herri zein orokorrean hizkuntza zapalkuntza agerian utziko da aste honetan, eta berrikuntza bezala, irakaskuntzaren afera kokatuko da ekimenaren erdigunean. Izan ere, Euskal Herria zatikatzen duten administrazio ezberdinen menpeko hizkuntza politikek irakaskuntzaren alorrean saiakera berezia egiten dute asimilazio prozesuan sakontzeko arlo estrategiko gisa kokatuz". Aurtengo Ezabaketa Asterako ere, aurrerago jakitera emango dituzten ekimen anitz eta ezberdinak aztertu dituzte EHEko kideek: "ekimen publiko eta parte hartzaileak, zapalkuntzari aurre egitea helburu izango dutenak, nolanahi ere".

Horrekin batera, EHEren arabera badira aipatu beharreko beste hainbat ekimen. Batetik, "Herri euskaldunaren berreraikuntza eta herriaren beraren askatzea lotuko dituen eta hizkuntza politika burujabeak aldarrikatuko dituen mobilizazio handia". Hitzordua iritsi ahala jakinaraziko dituzte zehaztasunak.

Bestetik, "Herri Euskaldunaren eraikuntza eta herritarren euskaraz bizitzeko hautua indartzea helburu duen" Euskaraz Bizi Eguna, aurten, berrikuntza gehiagorekin etorriko dela eman du jakitera EHEk.

Kontuak kontu, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunean, euskaltzaleon bihotzak grinez beteko dituen Korrika-ren inguruan, "Euskaldunon Egunkaria"-ren auzi ekonomikoari zein udal eta foru hauteskundeei begira ere hainbat ekimen antolatuko dituela eman du jakitera Euskal Herrian Euskaraz-ek, epe luzera begira eta aurrerago ezagutzera ematen joango den beste hainbat egitasmorekin batera.

Bukatzeko, aipamen berezia izan du EHEren 30. urtemugaren karietara eragile euskaltzaleak sortu duen dokumentalak. Eragilearen hamarkadotako ibilbidea jasotzeaz gain, herri euskaldunaren aldeko borrokan parte hartu duten hainbat norbanakoren bizipenak jaso eta euskaraz bizitzeko hautua indartzeko borondatez dokumental formatuko film itxurosoa ekoitzi du EHEk, eta azaro erdialdean emango du ezagutzera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun