Ertzaintzak 24 urteko mutil bat atxilotu zuen pasa den ostiralean Negurin, lau ibilgailutan lapurtu zuelakoan. Herrizaingo Sailak Europa Press albiste agentziari jakinarazi dionez, ostiraleko goizaldean, 3:20ak aldera, auzokide batek Ertzaintzari hots egin zion, Neguriko Foru kaleko zuhaixka batzuen artean poltsa bat ezkutatzen pertsona bat ikusi zuela esateko. Bertsio ofizialaren arabera, bertaratutako poliziek lau irrati-cd, pendrive bat, hainbat arropa ale eta kanabera bat topatu zituzten. "Objektuak lapurtutakoak izan zitezkeelako susmoz", ertzainek inguruak miatu zituzten, leihatila apurtuta zeukaten eta soinu ekiporik ez zeukaten lau auto topatu zituztela. Gauzak horrela, kalez jantzitako poliziek poltsa zelatatu zuten, ustezko lapurra bere bila joan arte. Goizeko 5:15ak aldera poltsa hartzera hurbildu zen 24 urteko gaztea atxilotu zuten. Jabegoaren aurkako delituengatik aurretik beste bost aldiz atxilotu duela dio Ertzaintzak.