Oihana Bartra nagusitu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo kanporaketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 11a, 01:18

Oihana Bartra santutxuarrak irabazi du gaur arratsaldean Mungian jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako aurreneko saioa (mp3). Bartrak, bi urtez Itzubaltzetako bertso eskolako irakaslea izan dena, 412,5 puntu batu ditu Mungiako Olalde aretoan. Gauzak horrela, abenduaren 5ean, Gernika-Lumon egingo den finalaurrekorako zuzeneko txartela eskuratu du Oihanak, Fredi Paya itxaroten duela. Bartraren atzean, Xabier Enbeita (370,5), Ander Elortegi (361,5), Itxaso Paya algortarra (349), Julen Erezuma (342) eta Julen Sololuze (340) izan dira. Lehenengo saioa izan arren, giro beroa izan da Olalden, 300 bertsozale hurreratu direla. Bertsolariek, trukean, baleko bertso asko eta ale eder batzuk ere oparitu dizkiete. Lehiaketa aparte utzita, Askapenaren aurkako sarekadan atxilotutako Gabi Basañez Algortako bertsolariari elkartasuna agertzen bat egin dute bertsolariek eta zaleek. Argazkian, gaurko protagonistak.

Oihana Bartra hasieratik bukaerara arte mendean izan du saioa, bizkaiera gozoan, batzuetan Xabier Enbeita gertu izan duela. Horrela, zortziko handiko ofizioan, bikotekidearekin oporrak pasatzeko mailegua eskatu duen neskatoaren rolean ederki moldatu da Oihana, Julen Sololuzeri hainbat ale eder botata. Zortziko txikian, urriaren 10erako jada Gabonetako loteria mordo erosi duen amaren paperean ere sendo mintzatu zaio santutxuarra Ander Elortegi semeari: "Beti bizi izan dot bakarrik oraina / baina gaurkoan egin dot kristoren azaña / azkenaldian daukat suerte bikaina / jadanik ailegau jat milioien usaina". Elortegik dirua eskatu ostean ere gogor amaitu du gaia: "Nigana zatoz orain modu seguruan / aprobetxatzea dozu bakarrik buruan / hiru euro topa zeinkez orain nire diruan / beste guztia abenduaren 23an".

Zortziko txikian ere, ale onak utzi ditu Itxaso Payak supermerkatuan astebete elkar bizitzen duen Julen Sololuze bikotekideak honako erasoa bota ostean: "Besteen modura nabil ni orain akaso / mermelada, ardaua... poltsara zuk jaso / ta nahiz ez zaitudan gaur nik eraso / tangako kuleroak nahituzu, Itxaso". Hasteko, "batzutan jartzen nauzu, Julen, irekiten / zer tanga zer kulero ta zer astakirten / erreza izango da zer hartu jakiten / lasai, nik dietarik ez baitut egiten" aurpegiratu dio Sololuzeri. Horrek kondoiak erosteko proposatuta, honako esaldiarekin agurtu du: "Kontuz ibili zaitez zu nirekin, guapo / kondoiak aipatuta esan behar: alto! / makarroi batzuk hartu afarirako / ta nahi duzuna hartu, julen, postrerako".

Bakarreko lanetan, puntuari erantzunda, zuzen eta artez aritu dira bertsolari gehienak. Bartrak horrela erantzun dio ariketari:

• Olentzeron etxea daukagu Mungian... / "ta bisitetan dogu aldian aldian / sarritan egona naz bere atarian / aurten opariz lepo jatorku agian".

• Oparik itxiko ete doutsu aurton... / "nire kartari egin ezkero jaramon / zelan egin dodazaz hainbat gauza on / eskatutako danak behar dozuz emon".

Ander Elortegi ere txukun ibili da lehenengoan:

• Begira jarri ezkero lemoiz alderantza... / "zentral nuklearren bat badago han, antza / duela hamarkada batzuk egin zuten dantza / barruan zer dagoen badaukat zalantza".

Itxaso Payaren kasuan ere lehenengo alea izan du saritzekoa:

• Ez dogu A griperik aurton antza danez... / "eta nola askotan inmune naizenez / horren berdin dit sarri ta berdin berez / osasuntsu gaude gu oso argi dagoenez".

Kartzelekoa

Bertsolariak kartzelan sartuta, honako gaia jarri diete banan-banan: "Zure irudia aldatu gura zenduala eta, ebakuntza egin zenduan. Ispilu aurrean zagoz". Bertso borobilenak, berriro ere, neska santutxuarrak eskaini ditu:

"Naiz ta batzuen ustetan nintzen horren polit eta gazte
lehen izpilura begiratuta sentitzen nintzan hain triste
ta ebakuntza aukera honek egin ahal ninduan aske
ta horregaitik joan nintzen didau titi pare baten eske
oin izpiluan aurrean barriz ta hau zanik ezin uste
kaguen laletxe ez neban gura ez hain gutxi ez hainbeste".

"Lagun guztiek animatuta benga kontsultara goazen
garai batean operazino oso konplikatua zen
baina apurka medikuntza be joan danez aurreratzen
azkenerako itxura barri ta ezbardin hau nabil hartzen
lehen jendea begitu barik albotan pasa jatazen
ta orain barriz inork ez dauzta begietara begiratzen".

"Lehenago etzan nigana ia mutil guaporik hurbiltzen
nahiz eta beti ibilten nintzan ekinean ahalegintzen
ta nire ustez aldaketa hau benetan be komeni zen
orain hauxe naz ta nire ustez lehen beste zeozer nintzen
hementxe nago izpilu aurrean nire mezuak agintzen
ta halere zoriontsuago ez naiz batere sentitzen".

Ildo beretik aritu da Itxaso Paya algortarra. ALBEkoak puntuari erantzutean galdutako kontzentrazioari heldu dio berriro ere, honako emaitza utziz:

"Gogoan daukat ikastolako borroka hura gogorra zen
txikitatik ni potolatxua eta bajutxua nintzen
hargatik beti ingurukoak saiatzen ziren ni mintzen
ta amaitu dut mitxelin pare bat edo gehiago kentzen
agian polita nago bai baina ez naiz oso ondo sentitzen".

"Triste nengoen pentsatu nuen zerbait aldatu beharko
ez dut segi nahi gauez ohean pentsatzen ba horren txarto
hurbil zitezen nire ingurura nahi beste mutik guapo
egon behar nuen besteen modura polit-polit flako-flako
nire irudia aldatu dut bai baina noren gusturako".

"Ebakuntza bat izan dut noski nire helburuko truko
pasatu dena halanda guztiz ez dut inoiz ahaztuko
ondorio bat atera dut nik zuek zarete lekuko
naizen moduan ez dakit zeinek ez banau gustuko
norberak bere burua maite behar du eta punto".

Kartzelakoak, baina, oso bestelako ale sorta utzi du, Julen Sololuze ermuarraren ahotik. "Behiaren muzturra eta astuan belarriak" kentzeko ebakuntza egin du berak eta algara galantak sortu ditu Olalden. Maite Berriozabal gai-emaile berak ere lanak izan ditu oholtzaren gainean jarraitzeko, aurpegia sano gorrituta eta barrea eusten ibili dela.

Gabiri agurra

Puntuazioak emanda, Itxasok txapelketan aurrera jotzeko aukerak hutsaren hurrengoak dira eta bera horren jakituna da. Halere, pozik agertu da egindako saioarekin eta azken bertsoak Gabi eskolakideari eta Maddi haren alabari (mp3) eskaini dizkio, Olaldek txalo zaparradez erantzun diola:

"Eskerrik asko, nireak egin du, hori daukat oso argi
eskerrik asko, Bernedo 'pipol', mila esker "fondo sur"-ari
baina behintzat aipatu nahi dut eta adi pankartari
Maddi, nik zure aitari esan nahi diot kantari
berdin didala ze postu lortu zenbat puntu ta zer sari
entzungo diren txalo guztiak zuretzako dira, Gabi".

Mungiako kanporaketa iruditan



Oihana Bartraren azken agurra [cc-by-sa Bizkaiko Bertsozale elkartea - Bizkaikotxapelketa.biz]



Oihana Bartraren balorazioa [cc-by-sa Bizkaiko Bertsozale elkartea - Bizkaikotxapelketa.biz]

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun