Herri eskolak izango dira bihar Uribe Kostan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 11a, 15:31

Bi urte eta gero, aurten herri eskolak egingo dituzte Uribe Kostan Ikasle Abertzaleek, Hispanitate Eguna deritzoten urriaren 12an ezer ospatzeko ez dutela aldarrikatzeko asmoz. Getxoko Aixerrota institutuko IAk Txorimalo gaztetxean egingo ditu ekimenak, bihar ikastetxea ezin izango dutela zabaldu jakin baitzuten ostegunean, adierazi dutenez. Goizeko 9:30etik hasiko dira "Euskal Eskola Nazionala irudikatzen eta jai egun arrotzei intsumisioa erakusten". Romo-Artatza institutuko IAk, berriz, irakasle ezberdinekin hitz egin ostean, ostiralean bertan ezetza jaso zuen; eta korriketan beste planteamendu bat egitera abiatu ziren. Hori dela eta, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan egingo dituzte herri eskolak, 10:00etatik aurrera. Argazkian, herri eskolak Itzubaltzetan, 2007ko abenduaren 6ko Espainiako Konstituzioaren eguna zela eta.

Herri eskolak Txorimalo gaztetxean:

- 9:30 Ikasle ginkana.
- 10:00 Independentisten hitzaldia.
- 11:30 Ikasle Eguneko aurkezpena.
- 12:00 Luncha.
- 12:30 Bertso saioa.
- 13:00 Power point-a.

Herri eskolak San Eugenia plazan:

- 10:00 Hispanitatearen egunaren jatorria azalduko dute, eta Egutegi Propioaren garrantzia.
- 10:30 Ikasle Egunaren aurkezpena.
- 11:00 Kontrol sozialaren eztabaida egingo dute: aurten Romo-Artatzan bost kamara jarri dituzte.
- 12:00 Luncha.
- 12:30 Independentisten hitzaldia.

Ikasle Abertzaleek hilaren 8ko prentsaurrekoan (mp3) kaleratutako oharra:

Gaur, dozenaka ikasle Gernikako Institutu honetan bildu gara, datorren urriaren 12an, ikasleok ezer ospatzeko ez dugula esan eta intsumisio eta desobedientziaren bitartez burutuko ditugun Herri Eskolak aurkezteko. Gernikako institutu honetan batu gara, izan ere, berton, euskal egutegi propio baten aldeko borroka urte luzez garatu izan da.

Euskal egutegia, euskal ikasleok urte luzez borrokatu dugun lan lerroa izan da. Dozena bat urte baino gehiago dira jada Ikasle Abertzaleak jai egun inposatuetan intsumisio jarrerak bultzatu eta ikastetxeak irekitzen hasi ginela. Espainiar eta frantziar estatuek inposatutako jai egunetan, milaka izan dira klasera urterik urte joan garen ikasleak. Administrazio ezberdinen mehatxuei aurre egin eta bai ofizialki zein Herri Eskolen bitartez ikasle andana bildu gara urtero ikastetxeetako korridoreetan.

Hala ere, estatu inposatzaileek, jai egun arrotz hauek Euskal Herriaren asimilazio estrategiaren baitan kokatu dituzte. Herri honi bere egutegi propioa eraikitzeko duen eskubidea ukatu diote. Honen aurrean, ikasleok, Hezkuntza Sistema Nazional baten eraikuntzaren bidean, gure egutegia aldarrikatu eta urriaren 12a bezalako jai egun arrotzetan klasera joango gara.

Urtero legez, tokian tokiko errealitateei erantzunez, ikasleok ikasleontzako eta auzolanean, hainbat tailer, hitzaldi, jolas edota mahai-inguru antolatuko ditugu. Oraingo honetan, Herri Eskolen gai zentralean Ameriketako herrien askapen prozesuen historia landuko dugu. Honekin batera, herri horietan brigadetan ibilitako Ikasle Brigadistekin batera emango ditugu aipatutako eskola horiek ikasle eta abertzaleok.

Irekiko ditugun ikastetxeei dagokionean, aipatu, aurten Araban 9, Bizkaian 18, Gipuzkoan 17 eta Nafarroan 7 ikastetxetan burutuko ditugula Herri Eskolak. Hauetan burutuko diren egitarau osoak, www.ikasleabertzaleak.org webgunean aurkituko dugu. Baita urriaren 12ko zuzeneko jarraipen berezia ere. Webgunean bertan ere, Herri Eskolen datu guztiekin batera, azaroaren 6, Amurrion burutuko dugun Ikasle Eguna 2010 eta Manifestazio Nazionalaren informazio guztia topatu dezakegu.

Gainera, gaurkoan, kamiseta berdeak jantzita burutu dugu agerraldi hau. Independentistak sarearen kamisetak dira, independentiston kamisetak. Ondo dakigu ikasleok euskal egutegi propio batetik haratago ere Independentzia beharrezkoa dugula herri honek behar duen Hezkuntza Sistema Nazionala egi bihurtu dadin. Gauzak horrela, hemendik, Ikasle Abertzaleek bat egin nahi dute urriaren 12an, arratsaldeko 5etan, Golem zinemetatik aterako den Independentziaren aldeko Martxa Berdearekin.

Gainera, aurtengo gure gai zentrala herri ezberdinen independentziaren bidean garatutako askapen prozesuak izanik, ezin ahaztu dezakegu herrien elkartasunaren alde lan egiteagatik atxilotutako Askapeneko kide internazionalistak. Hau esanda, euren askatasuna eskatu eta dei egin nahi diogu ere, euskal ikasleriari, datorren urriaren 16an Gernikara, bertora, gerturatu dadin Internazionalista Eguna 2010era.

Beraz, estatu espainiarraren inposaketen aurrean, Hispanitatea eta arrazaren egunean, urriaren 12an, euskaldunok ezer ospatzeko ez dugula adierazi eta goizean ikastetxeak irekiz Herri Eskoletan eta arratsaldean Martxa Berdean mobilizatzeko deia luzatu nahi diogu euskal jendarteari.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun