Espainiako Polizia Nazionalak bi pertsona atxilotu zituen pasa den ostegunean Getxo udalerrian, droga trafikoa egotzita. Espainiako Gobernuak Eusko Autonomi Erkidegoan duen Ordezkaritzak Vasco Press albiste agentziari jakinarazi dionez, poliziek 880,5 gramo kokaina atzeman dute operatiboan. Halere, operazioa Londresko Gatwick aireportuan hasi zen, bertako poliziek Guatemalatik Getxo udalerrira bidalitako pakete batean kokaina kilo bat baino gutxiago topatu zutenean. Kokaina industria erreminta kutxa batean zegoen ezkutatuta, guztira 880,5 gramo zeudela. Espainiako Polizia Nazionalak paketearen hartzailea zen S.B.V.E. inizialetako gizona atxilotu zuen ostegunean, bere etxean baskula eta droga mozteko 20,5 gramo substantzia topatu ei zuela. Getxoko epaileek atxilotua espetxeratzeko agindua eman zuten. Atxilotuaren bikotekidea, ordea, epailearen aurretik pasa ostean askatu egin zuten. Argazkian, iaz Itzubaltzeta / Romon ustezko beste nazioarteko droga sare bati Ertzaintzak atzeman zizkion kokaina kapsulak / © Eusko Jaurlaritza.