Produktu guztiak tokikoak dira, transgenikorik gabekoak eta iraunkortasun irizpideekin produzitutakoak; ez soilik ingurugiroarekiko iraunkortasunarekin, iraunkortasun sozialarekin produzitutakoak ere badira. Bestalde, proiektu horretan lan egiten duten pertsonek lan baldintza duin eta soldata egokiak dituzte, azpimarratu dutenez. EHNEk aurrera eramandako ekimena gero eta zabalduagoa dago Euskal Herrian. "Eguzkin, Sopelan beharra sumatu genuenean eta EHNErekin batera taldea herrian aurrera eramatea erabaki genuenean, benetan ez genuen espero hain arrera beroa izango genuenik. Alde batetik, EHNEk egin duen lan azkar eta efizientea, eta bestetik, topaleku bezala Plaza Beltza kultur gunearen disposizio osoa eta parte hartzeko gogotsu ibili diren pertsona guztien partaidetza eta lana eskertu nahi genituzke", adierazi dute ekologistek.
Ez da konpromiso makala
Partaideek, gainera, aipamen berezia merezi dute, Sopelako Eguzkiren ustez, "egia delako produkzio lokala eta justizia soziala bultzatuko dituztela, baita agroekologiaz gozatuko ere". "Baina, horrekin batera, garaian garaiko produktuak kontsumituko dituzte. Dagoneko ez dute nahi dutena dendetan erosiko baizik eta antzina bezala ortuan dagoena jatera moldatu beharko dira eta horixe goraipatu nahi genuen, hori ez baita konpromiso makala egungo erosotasunaren bizimoduarekin", azpimarratu dutenez.