Bertsolaritza sustatzeko laguntza heren bat handitu du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 11a, 22:17

Getxoko Udalak Algortako Bertsolari Eskolarekin (ALBE) mantentzen duen hitzarmena beste urte baterako berritu du. Aurten heren bat handitu du laguntza Udalak, guztira udalerriko bertsolaritzan 42.000 euro inbertituko dituela, iaz baino 12.000 gehiago. Izan ere, "urtetik urtera eskola bizi ari den hazkundeak sortutako beharrei aurre egiten laguntzeko eta bertsolaritza sustatzeko eta bertso jaialdiak antolatzeko gastuak" partekatzeko inplikazio gehiago behar zela azaldu dute toki iturriek. Algortako Bertso Eskolak 30 urte daramatza bertsolaritza eta euskara sustatze lanetan udalerrian eta "bere sorreratik, hazkunde handia izan du bere jardueretan, elkartearen kudeaketa lanen eta koordinazio lanen handitze handiarekin eta ondorioz giza baliabideak handitzeko beharrarekin, etorkizunak dakartzan erronkei modu egokian erantzun ahal izateko", udaletxetik gogoratu dutenez. Argazkian, bertso eskola ez ezik hintxa taldea ere bada ALBE.

Bertso eskolak gaur egun adin desberdinetako hainbat talde ditu. Era berean, bertsolari jaialdiek eta ekitaldiek azken urteotan gorakada nabarmena izan dute eta ALBE erreferente bihurtu da jaialdi horien antolaketan, Getxo udalerrian ez ezik Uribe Kostan eta Erandion ere bai. Horren adibide dira 2009an egindako 20 bat ekitaldiak, 6.200 bat pertsona erakarri zituztenak.

Bertsolaritzaren transmisioa eta ikuskizuna

Bestalde, ikastetxeetan eskaintzen dituen bertsolaritza klaseen kopurua (aurreko ikasturtean 537 ikasle) areagotu da eta elkarteko kideek ikerkuntza eta berrikuntza lan handia egiten dute: bertso formatuen berreskurapena, bertsolaritzaren erabilera ahozkotasunaren garapenerako, udalerriko bertsolaritzaren historiari buruzko ikerketa, argazkien artxiboa…

Izenpetutako hitzarmenaren bidez, ALBEk bertso klaseekin jarraitzeaz gain, honako ekitaldi hauek antolatzeko konpromisoa berretsi du: Abra Saria (bertsolari gazteentzako bat-bateko sariketa), hainbat bertso afari, Bertsolari Gaztetxoen Eguna, Uribe Kostako Bertsolari Txapelketako finala, Balkoitik Balkoira (buruz-buruko bertso-desafioa), Bertso Jaialdi Mundiala (bertso-jaialdi esperimentala), Bertsoz Jairik Jai (bertso jaialdiak udalerriko jaietan), Bihotza Gazte (bertsolari beteranoen jaialdia), Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketa, bertso ikuskizunak Euskararen Jardunaldien barruan eta Ahobien Gala.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun