Ikasle Abertzaleek (IA) egindako deialdiari erantzunez, gaur, urriak 12, 21 pertsona hurbildu dira Getxoko Aixerrotako ikasle taldeak Txorimalo gaztetxean antolatutako herri eskoletara. Bertan, "Hispanitatearen eguna euskaldunei inposatutako festa" dela salatu eta horri aurre egingo diotela adierazi dute neska-mutilek. Bestalde, Independentistek egindako hitzaldian, Hego Amerikako herrialdeen bilakaera independentistari buruz aritu dira, historiari berrikuspen kritikoa eginez. Izan ere, "historia ez da estankoa, hainbat modutan interpreta eta uler daiteke", gaineratu dute bertan. Ondoren, goizari jolas kutsua eman nahian, Trivial jokoa egin dute taldetan banatuta, Euskal Herriari buruzko galderei erantzunez. Bukatzeko, azaroaren 6an izango den Ikasle Egunaren aurkezpen txikia egin eta institutuan iaz egindako borrokak azaldu dituzte: egutegi propioa aldarrikatu, feminismoa eta eskubideak defendatu, besteak beste. Romo-Artatza institutuko IAk Itzubaltzetako San Jose elizaren arkupeetan egin ditu herri eskolak, hamar bat ikasle batu direla, antolatzaileen arabera. Argazkian, Aixerrotako herri eskolak Txorimalo gaztetxean egin dituzte.