Musikari buruzko webgune berria jaio da Euskal Herrian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 12a, 21:35

MusikaZuzenean egitasmoa aurkeztu zuten joan den ostegunean Donostiako Doka antzokian. Webgune berri horrek Euskal Herriko zuzeneko musikaren inguruko informazio guztia bilduko du, euskara hutsean. Kontzertuen agenda eguneratuaz aparte, informazio gaurkotua eta zehatza ere emateko jaio da gune berri hori. Musika saioetan "gertatu denaren isla izan nahi dugu, baita igarotako emanaldien hartzaile eta dokumentazio gune ere", gaineratu dute webguneko arduradunek. Horretarako, emanaldien hainbat argazki eta bideo galeriak bilduko dituzte, kroniken eta kontzertu biren zuzeneko aipuekin batera. Argazkian, Euskal Herrian izango diren kontzertuen agenda ere izango du atari berriak.

MusikaZuzenean egitasmoko arduradunek zabaldutako oharra:

Nor gara gu zer gara gu...

Euskal Herrian burutzen diren zuzeneko emanaldien ispilua eta bozgorailu izateko helburuz sortzen da MusikaZuzenean egitasmoa.

Makina dira, kontaezinak, Euskal Herriko luze zabalean antolatzen diren kontzertuak eta zuzeneko emanaldiak. Lur eremu aberatsa da gurea zuzeneko musikaren alorrean. Asteburuetan metatzen dira emanaldi gehienak, baina, edozein egunetan bada aukera zuzeneko emanaldi bat bizi bizian dastatzeko. Ez da izango Europa osoan, ez mundu osoan akaso, Euskal Herria bezalako lur eremu txiki batean bezalako zuzeneko musika eskaintza topa daitekeenik. Gaztetxeak, areto komertzialak, herriko festak, taberna txikiak, festibal handiak… Ugariak dira zuzeneko emanaldiak programatzen dituztenak.

Emanaldi ugari izan arren, askotan zaila izaten da hauen inguruko informazio biltzea. MusikaZuzenean egitasmoa, hutsune hori betetzeko asmotan dator hain zuzen ere. Egunkarien agenda geroz eta mugatuagoa da, irrati kateak eta interneteko atariek ere ez dute behar adineko informazio eskaintzen, eta zentzu horretan emanaldi asko ezerezean geratzen dira. Musika zuzenean egitasmoak informazio zabala eskainiko du musikazale ororentzako, emanaldien berri zehatza eta osatua eskainiz. Horretarako, ekimen bakoitzari buruzko informazio osatua, musika taldeen biografiak, argazkiak, audioak eta bideo galeriez hornituko dugu webgunea.

Alta, gurea ez da emanaldien Agenda soil bat. Informazio eguneratua eta zehatza emateaz gain, gertatu denaren isla izan nahi du ere, igarotako emanaldien hartzaile eta dokumentazio gune. Horretarako, iragan diren emanaldien argazki eta bideo galeriak bilduko ditugu, bai eta idatziriko kronika eta kontzertu biren zuzeneko aipuak.

MusikaZuzenean egitasmoaren aurkezpen spota:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun