Anton Ormaza EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentea, Bermeoko Aberkideak taldeko sortzailea eta EAko militantea izandakoa hil egin da.
Berria.info-k jakinarazi duenez, Ormaza gaur goizean zendu da, goizeko laurak aldera, Bilboko San Sebastian erietxean. 88 urte zeuzkan. Etzi egingo dituzte bere aldeko hileta elizkizunak, Bermeoko San Frantzisko elizan, 18:00etan. Frankismoa bukatu ostean bilakatu zen Ormaza EAJko Bizkaiko burua, 1977 eta 1980 bitartean. EBBko kidea ere bazen, BBBren ordezkari. Euzko Alderdi Jeltzalearen barruan ildo "sabinianoa" sortu zuen, barne demokrazian indar handia jarriz. Handik gutxira alderditik bota zuten Ormaza eta Bermeoko beste 1.800 bat afiliatu. Bermeoko Aberkideak sortu zuen orduan. Garaikoetxea ere bota zutenean, lehendakari ohiak eratutako Eusko Alkartasunera pasatu ziren BAko militanteak. Argazkian, pasa den ekainaren 12an, EAJ, EA, Aralar, ezker abertzalea eta Hamaikabateko hainbat militantek omenaldia egin zioten Sukarrietan, Sabino Aranaren hilobiaren aurrean / © Hamaikabat.