Getxoko Udalak 69.880 euro bideratu ditu aurtengo eskola igeriketa eta udako ikastaroetara, aipatu jarduerak antolatu, kudeatu eta garatzeko. Tokiko Hezkuntza Arloak eta Getxo Kirolak erakunde autonomoak izenpetutako hitzarmenari jarraituz, Udalak 44.840 euro jarri ditu urtarriletik abendura bitartean eskola-umeei igeri egiten irakasteko. Bigarren diru-kopurua, 25.040 euro, uztaila eta abuztuan egin diren ikastaroak finantzatzera zuzendu dute agintari getxoztarrek. Horiek guztiak Getxo Kirolen instalazioetan eskaintzen dira. 2009-2010ko ikasturtean 14 ikastetxetako 945 ikaslek parte hartu zuten igeriketa eskoletan. Bestalde, udako ikastaroek 25 urte bete dituzte aurten. Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehen Zikloko ikasleei (12 eta 14 urte artekoei) daude zuzenduta. Goizeko ordutegian egiten dira (9:00etatik 13:00etara). Uztaila eta abuztuan 123 eskola-umek parte hartu dute horietan, eta guztira, 5.000 inguru dira 1985ean abiatu zirenez geroztik bertara bildutakoak. Argazkian, hainbat haur igeri egiten Algortako Fadura kiroldegian / © Getxo.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!