Euskal Herrian garai berriak datozela esan daiteke baina euskal emakumeon egoera bere horretan mantentzen da. Emakumeok sufritzen dugun indarkeria, jendartearen eremu guztietan sufritzen dugun diskriminazioaren eta bereizkeriaren ondorio latzena izanik, jendarte patriarkarraren oinarrian dagoen botere erlazioen adierazle latzena da. Emakumeon kontrako indarkeria emakumeok jendartean sufritzen dugun gutxiestetik eratortzen da eta egiturazko arazoa izanik, jendartearen eraldaketa sozialean aurkitzen da bere gaindipenerako gakoa.
Emakumeok indarkeri sexistarik gabe bizitzeko eskubidea dugu. Baina eskubideen auziari buruz ari garenean, emakumeon eskubideak era formalean errekonozituak daudela esan daiteke, baina errealitatean urratzen direnaren adibideak asko dira. Berdintasun formalaren garaian gauden honetan, eskubideen jabekuntzaren auzian dauden hutsuneak agerian utzi behar ditugu. Geure eskubideen aldeko borrokan orain arte aritu garen bezala arituko behar gara, Emakumeen Eskubideen Karta aintzat harturik.
Ezinbestekoa da beraz, emakume eta gizonezkoen arteko parekidetasuna aldarrikapen hutsaletatik aldenduz, barneratzen eta gauzatzen den konpromisoa izatera pasatzea.
Euskal Herrian aldaketa politiko eta sozial gauzatzeko prozesuaren garapenak jauzi berri eta kualitatibo bat ekarriko du gure herriaren askapen prozesuan. Emakumeok aldaketaren eragile eta aldaketan eragin beharra dugu, emakumeon kontrako indarkeriari aurre egitea ezinbestekoa baita.
Hurrengo hilabetean, azaroaren 25ean, emakumeok kalera atera behar dugu gure eskubideen alde, indarkeri sexistari aurre egin beharra dago, denon ardura da eta denon konpromisoa ezinbestekoa da. Udaletan, kaleetan, enpresetan... badugu zer eginik badugu zer borrokatu.