Irailaren 28an espainiar polizia nazionalak Pablo Ruz epailearen aginduetara burutako operazio honen izaera faxista nabarmendu nahi dugu. Herrion elkartasuna zanpatzea, euskal herriak bizi duen egungo egoera zapuztea eta herri mugimenduen aurkako eraso bezala nabarmendu nahi genuke azken eraso hau. Askapenak bere sorreratik gaurdaino lan publiko eta agerikoa burutzen du herrion arteko elkartasunean, 23 urte luze hauetan, munduko herrien borrokak gertutik ezagutu, euskal herrian zabaldu eta salatzeaz gain, alderantzizko norabidean, elkartasuna bilatu izan du, gure herriak bizi duen egoera ezagutarazi eta irtenbide bat emateko bultzadan.
Asko izan dira asko izan zarete, 2000 brigadista inguru, Nikaragua Sandinistatik hasi eta Kuba, Venezuela, Kolonbia, Bolivia, Ekuador, Panama, El Salvador, Argentina, Maputxe herria, Palestina, Herrialde Katalanak, Ipar Irlanda, Sardinia eta gaienerako herrialdeetan bertatik bertara izan zareten euskal internazionalistak. Honetaz gain, ehunka lagun eta ordezkari izan zarete gure lurretan ageriko manipulazioetatik kanpo, gure errealitatea ezagutzera heldu zaretenak. Zuei, eta aste hauetan xamurtasunez Askapenari babesa eskaini diozuen eragile eta norbanakooi, mila esker.
Atxilotuen askatasuna exijitzeaz gain, gure lan internazionalistan jarraitzeko kemena eta irmotasuna adierazi nahi dizuegu. Bide honetan, Urriaren 16an ospatuko dugun internazionalista egunera etortzeko gonbita luzatzen dizuegu. Aurten, Abya-Yala Latinoamerikako hainbat estatuk 200. urteurrena ospatzen dutela ikusita, bigarren eta benetako independentzia baten aldeko aldarria egingo dugu. Herriok Independentzia lelopean, guretzat bezala itsasoaren bestaldeko herrientzat egiazko askatasun aldarria burutu nahi genuke, jatorrizko herrien zanpaketarik gabe, eta multinazional zein oligarkien mendekotasunik gabea, benetako independentziaren aldarria, buru jabea eta askea.
Goizeko 11etan hasita Ziortza Bolibarren Simon Bolivarri omenaldia egingo diogu eta ordu berean Gernikako merkatu plazan gune kulturala zabalduko dugu: haurrentzat jolasak, graffiti tailerrak, eragileen postuak… eta 14:00etan herri bazkaria izango da bertan. Ondoren, Hegoaize taldeak giroturik kale-jira errebindikatiboa burutuko dugu Gernikako kaleetan, 19:00etan ekitaldi politiko batekin amaituko dena Gernikako pasealekuen. Bukatzeko 21:00etan kontzertuak hasiko dira bertan, Siroka, Zahil, Stupenda Jones eta Itziarren Semeak taldeen eskutik. Gaztetxean berriz, gune internazionalista eta DJ Bull-ek girotuko dute gaua.
Besterik gabe, bertan elkar ikusiko dugulakoan luzatzen dizuegu gonbitea. Milesker berriz ere zuen xamurtasuna erakutsi diguzuen guztioi eta jarrai dezagun danon artean Euskal Herria Internazionalista amesten eta eraikitzen.
Atxilotuak Askatu!
Internazionalismoa ez da delitua!
Urriak 16 denok Gernikara: Herriok Independentzia!