Astelehen goiz eta arratsaldean izandako euri jasa gogorrek partaide batzuk atzera bota zituen arren, Algortako 28. ibilaldi neurtuak duela bi urte ezarritako errekorra berdindu zuen atzo, asteartea; 1.120 pertsonek esku hartu baitzuten proban,
Itxartu Taldeak adierazi duenez. Bi ibilaldi egin ziren: bata, luzea, (18,2 kilometro) jende nagusientzat; eta bestea, laburragoa (6,4 kilometro), 10 urte bitarteko umeentzat eta horien laguntzaileentzat. Ibilaldi nagusia 268 bikotek bukatu zuten. Irabazleak Imanol Arretxe algortarra eta Lucinio Melgar barakaldarra izan ziren; bigarrenak Algortako Manu Urretxua eta Loreto Perez; eta hirugarrenak Santurtziko Barri eta Patxi. 16 urte baino gutxiagokoen mailan, berriz, Algortako Jokin Ramos eta Borja Uriarte izan ziren garaile; eta bigarrenak Maruri-Jatabeko Peio Bilbao eta Gamiz-Fikako Aritz Agirre. Bestalde, 78 urteko Marcelino Pedrosa balmasedarrak jaso zuen ibilaldia bukatutako gizonezko zaharrenarentzako saria. Emakumeei dagokienez, 70 urte dituen Mari Carmen Arrate Sopelanako Urko mendi taldeko kideak eskuratu zuen hori. Hala ere, partaide guztiek izan zuten opari-oroigarri bana, ibilaldi luzeko lehen 52 postuetan sailkatutako bikoteek jasotako sariez aparte. Ibilaldi laburrean, aldiz, parte hartu duten gaztetxo guztiek eraman zuten bere kopa etxera. Argazkian, Landa alkatea sari banaketan / © Itxartu Taldea.