Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak antolatuta eta Urtxintxa Eskolak kudeatuta, dagoeneko izena eman daiteke Berbalagun egitasmoan. "Lau pertsona inguruko taldeak elkartzen dira, euskaldun zaharrak eta berriak tartekatuz. Astean ordu betez geratzea adosten da hasieran, taldekideek beraiek, aukeratzen dutelarik non eta noiz gelditu, zer egin…", azaldu dute tokiko arduradunek. Horrez gain, berbalagun guztiak biltzen dituen ekintzak ere antolatzen dituzte (irteerak, afariak…) modu honetan, euskararen harreman sareak gehiago zabalduz. Talde horien jarraipena egiteko, arazoak konpontzeko, informazioa zabaltzeko zein zalantzak argitzeko arduradun baten laguntza izaten da eta bera arduratzen da taldeen osaketaz, ekintzen antolaketaz…
Amen taldea
Iaz 80 pertsona inguruk hartu zuen parte proiektuan eta euskaraz mintzatuz, zaletasunak konpartituz eta jende berria ezagutuz, euskaraz berba egiteko gaitasuna garatu zuten. Hori dela eta, aurten, berriro martxan jartzeko premia ikusi dute, eta urritik aurrera, Mankomunitateko herrietan, egitasmoaren aurkezpenak izango dira Berbalagun egitasmoa hurbilagotik ezagutzeko. Beste alde batetik, aipatzea "amen taldea" osatzear dagoela Berangon (parke batean, seme-alabekin batera egotea...). Esperientzia bera errepikatu nahi dute gainontzeko herrietan. "Kontuan hartuz seme-alabatxoekin zaila dela taberna edo beste leku itxi batean batzea, parkea izan daiteke alternatibarik onena", adierazi dutenez.
Aurkezpenak herriz herri:
- Sopela: urriak 18, 19:00etan Kurtzio kultur etxean.
- Plentzia: urriak 19, 19:00etan Goñi Portalen.
- Gorliz: urriak 20, 19:00etan, Eloisa Artaza erakusketa aretoan.
- Lemoiz: urriak 21, 19:00etan, kultur etxean.
- Urduliz: urriak 23, 12:00etan, kultur etxean.