Etzi, ostirala, gizonezkoei bere burua zaintzen eta etxea antolatzen irakasteko tailerrean izen-emateko epea zabalduko du Itzubaltzeta / Romoko Ibar Nagusien Etxeak. Aipatu jarduera Getxoko Udalaeko Berdintasun Zerbitzuarekin batera antolatu dute. Ekimena, norberaren eta ingurukoen zaintzarekin zerikusia duten oinarrizko hainbat eginkizun ikasita, beren autonomia areagotu eta beren bizitza kalitatea hobetu nahi duten 55 urtetik gorako gizonei zuzenduta dago. Tailerra doakoa izango da. Hogei orduko iraupena izango du eta asteartetan emango dituzte eskolak, 10:00etatik 12:00etara. Urriaren 26an hasiko da ekimena Itzubaltzetako nagusien etxean, Lope de Vega kaleko 12. zenbakian. Izen ematea hilaren 22ra arte egin ahal izango da toki horretan bertan. Argibide gehiagorako, 944 660 150 telefono zenbakia jarri dute. Argazkian, hiru gizon Itzubaltzetako nagusien etxean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!