Etxepare Institutuak gogoratu duenez, "Euskara jalgi hadi mundura" zioen euskarazko lehen idazleak eta lehen idazle haren izena daraman Etxepare Institutuak zintzo heldu dio langintza horri. Aizpea Goenagaren hitzetan, Birminghamekiko hitzarmenak zuzen-zuzenean erantzuten dio Etxepareren helburu estrategikoetako bati: euskararen irakaskuntza, ikerketa eta erabilera nazioartean bultzatzeari: "Euskara eta euskal kultura kanpora zabaltzea eta munduko komunitate ezberdinen artean euskara bultzatzeko misioarekin jaio zen Etxepare eta Birminghamgo Unibertsitatearekin egin dugun hitzarmen honen bidez, ibilbide horretan urrats bat gehiago egingo dugu".
Birminghamgoa euskarazko irakasletza bakarra da Ingalaterran eta Erresuma Batuan, eta bakarrenetakoa mundu osoan euskara eta euskal kultura goi mailako curriculum akademikoaren barnean dituztenen artean. Ikasleek euskara ikas dezakete karrerako lehen, bigarren eta laugarren urtean. Hirugarren urtea atzerrian pasatu behar dute derrigorrez, Erasmus programaren bitartez, baina kasu horretan ere euskara ikasten jarrai dezakete, hitzarmenak urte hori Gasteizen egiteko aukera eskaintzen baitu, euskaltegiko urte osoko matrikularen ordainketa barne hartuta.
Hizkuntza eskolez gain, ikasleek euskal gizartea eta kultura ezagutzeko ikasgai bat har dezakete, non Euskal Herriaren ikuspegi orokorra jasotzen duten ingelesez. Eskolez gain, hitzarmenak euskara eta euskal ondarea sustatzeko ekintzak aurreikusten ditu, bai maila akademikoan, bai maila sozialean.
Larry Trasken funtsa
Iaz, Birminghamgo Unibertsitateak Erresuma Batuan topa daitekeen euskarazko lan-bildumarik handiena eskuratu zuen: Sussex-eko Unibertsitatean irakasle izandako Larry Trask hizkuntzalari amerikarraren ondarea dohaintzan eman zion haren alargunak. Bildumak ehun bat liburu biltzen ditu, "Etymological Dictionnary of Basque" edo "The History of Basque" maisulanen egilearen bulegoa betetzen zutenak. Liburuen artean euskal fonologiari buruzko eskuizkribu bat ageri da, dirudienez argitaratu gabea.