Gaur amaituko da epea Nafarroa Oinezerako Erandioko autobusean izena emateko

Urtero bezala, Altzaga ikastolak eta Berbots Erandion Euskaraz! elkarteak Nafarroa Oinezera joateko autobusa antolatu dute. Autobuserako tiketak hartzeko azken eguna gaur denez, interesatuak azkar ibili beharko dira lehorrean ez gelditzeko. Horretarako, Altzagako Xixili tabernara edo Astrabuduako Primera Linea ostatura jo eta hamar euroren truke erosi ahal izango dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez lau urtetik beherako umeek doan bidaiatu ahal izango dira. Nafarroako ikastolen jaialdia etzidamu izango da, Atarrabiako Paz de Ziganda ikastola horretarako lana erruz egiten dabilela. Igandean, Astrabuduako taxi geltokitik aterako da autobusa, goizeko 8:45ean, ordu laurden bat beranduago Altzagako "gasolino"-tik igaroko dena. Argazkian 2007ko Nafarroa Oinez / cc-by Beñat Irasuegi.

Bestalde, Enrique Perez de Eulate meteorologoak iganderako eguraldi aurreikuspen ezin hobea egin du: 20 gradu gehienez eta euririk ez. Atarrabiako ibilbidean Euskal Herriko bost gune eta Eskoziako beste bat izango dira. Txan magoa, Betizu festa, Txirri Mirri eta Txiribiton juniors, bertsolariak, Oskorri, The Red Hot Chilli Pipers, Highland jokoak, Kerobia, Bizardunak, Ze Esatek, Trikizio, Xiberuko eta Afrikako dantzak eta paellada erraldoia izango dira, besteak beste. "Munduz mundu" aurtengo Nafarroa Oinezeko abestiarekin lipdup eran egindako bideoa: Ibilbidea eta egitaraua Nafarroa Oinezen aldizkaria
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun