Izan ere, abuztuaren 27an Poliziak hainbat jarraipen egin zizkion G.A.S.-i eta horren ostean bera eta beste lau pertsona atxilotu zituen, Bilbon, ustezko salerosketa batean. Atxiloketan, bi kilo kokaina atzeman zuten auto baten ordezko pneumatikoan. Ondoren, atxilotu baten etxea miatu eta beste kilo topatu zituzten bertan, beti ere, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak jakinarazitakoari kasu eginez. Beste atxilotu baten etxean, berriz, droga mozteko kilo bat substantzia eta prentsa bat aurkitu zituzten. Horretaz gain, Espainiako Polizia Nazionalak honelako objektuak bahitu zituen ondoren izandako miaketetan: garraiorako bi ibilgailu, lau sakeleko telefono, ordenagailu bat, 3.000 euro, balantza batzuk eta hainbat tresna.
Atxiloketa gehiago irailean
Ustezko sarearen lehenengo taldea deseginda, Poliziak A.A.G. ere D.G.F.ren hornitzailea izan zitekeela "jakin izan zuen", Ordezkaritzak zabaldu duenez. Orduan, susmagarri berria zelatatzeari ekin zioten. Pasa den irailaren 29an, D.G.F. eta A.A.G. atzeman zituzten beste salerosketa batean. Lehenengoaren etxean eta autoan, 210 gramo kokaina, 87 gramo haxix, hainbat tresna eta 283.000 euro aurkitu zituztela, zapata kutxatan sartuta.
A.A.G.-ren etxebizitzan, ordea, droga laborategi baterako tresneria, 200 gramo kokaina, droga mozteko 1,5 kilo substantzia, baskulak, zortzi sakeleko telefono eta 6.000 euro atzeman zituzten.
Atxilotu guztiak eta bahitutako objektu guztiak epailearen esku utzi ditu Poliziak. Zabaldutakoaren arabera, sareak lau eta sei kilo kokaina bitartean mugitzen zituen astero.