Epaiaren zain gelditu da Manex Zubiaga Bravo preso politiko algortarrari Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa. 2001eko urriaren 12an Madrilen egindako Espainiako Indar Armatuen desfilearen aurkako atentatuan parte hartzea leporatzen diote mutilari. Teresa Sandoval fiskalaren arabera, ETAren Madril komandoko kide ei ziren Ana Belen Egues Gurrutxagak eta Aitor Garcia Aliagak autoa lapurtu, lehergailuz bete eta kalean jarri zuten. Hala ere, bi horiek ez dute Zubiaga aipatu atentatuarekin lotu. "Erakundeko burkide delako" ezagutzen dutela adierazi dute,
Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Horretaz gain, algortarraren kontrako egozteak "bost egunez torturak pairatu ostean" egin zituela salatu du Garciak. Lapurtutako autoaren jabeak, Espainiako poliziek eta gainontzeko lekukoek ere ez dute Zubiaga atentatuarekin lotzeko daturik mahaigaineratu. Hala ere, 112 urteko zigor eskaera mantendu du fiskalak. Argazkian, Zubiaga iaz, Espainiaratu zutenean / © Espainiako Barne Ministerioa.