Modu ekonomikoan gidatzen erakutsiko du hilaren 30ean Mankomunitateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 15a, 00:09
Urriaren 30erako, osteguna, modu ekonomikoan gidatzeko ikastaroa antolatu du Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak. Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) diruz lagunduta, gida-baimena duen herritar orori zuzenduta dago eta guztiz dohainekoa da. Eskolak goizeko 10etatik aurrera emango dituzte. Batzeko lekua, berriz, mankomunitateak Larrabasterrako Gatzarriñe kalean duen bulegoan jarri dute. Bestalde, 18 lagunentzako tokia baino ez dela izango ohartarazi dute tokiko arduradunek. Hori dela eta, ikastarorako erreserba egiteko hainbat aukera eman dituzte: telefono bidez, 946 579 280 zenbakian; edo e-posta bidez, ekogune[abildua]uribekosta.org helbide elektronikoan. Ekimenaren helburua, gidatzeko era aldatuz, lortu daitezken onurak erakustea da, "esate baterako, erregai kontsumoaren eta CO2ren isurketa gutxitzea eta errepideko segurtasuna hobetzea", zehaztu dutenez. Argazkian, ikastaroa egiteko autoak mankomunitateko bulegotik gertu / © Uribekosta.org.
Era ekonomikoan gidatzeak ekar ditzakeen onuren artean, batez besteko abiadura jaitsi gabe, batez beste erregaiaren %15 aurrez daitekeela adierazi dute Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko arduradunek. Bestalde, ondoko mesedeak ere omen dakartza: CO2ren isurketa gutxitzea eta kutsadura akustikoa txikitzea, istripu arriskua %10 eta %25 bitartean murriztea, eta ibilgailuaren mantentze gastuak (balaztak, enbragea, martxa-kutxa eta motorra) gutxitzea. Gainera, erosoagoa ei da gidariarentzat, estres gutxiago sortzen duelako.

Metodologia

Ikastaroaren iraupena lau ordukoa izango da. Lehenik eta behin, ohiko gidatzeko era jarriko dute praktikan gidariek, ibilbide mugatu batean, abiadura eta kontsumo parametroak neurtuko direlarik. Ondoren, modu ekonomikoan gidatzeko kontzeptu teorikoak eta ingurumenari buruzko irizpideak azalduko dizkiete, ibilgailua erabiltzean kontuan hartzeko. Horiek ikasita, lehengo ibilbide berdina egingo dute kotxez, baina oraingo honetan klase azaldutako aholkuak praktikan jarriz. Abiadura eta kontsumo parametroak neurtuko dira berriro. Azkenik, emaitzen konparazioa eta aurreztu den erregai eta CO2 isurketen kalkulua egingo dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun