Balmasedan arituko diren bertsolariak
• Jone Uria Albizuri (1990, Algorta): Matematika ikasten dabil Leioan. 12 urte zituela hasi zen Algortako Bertsolari Eskolan eta ordutik bertan jarraitzen du. Eskolartekoetan hainbat urtetan parte hartu ostean, 2008ko Bizkaiko txapelketan finalaurrekoetara heldu zen, baita 2009ko Euskal Herrikoan ere. 2010ko Uribe Kostako txapelduna.
• Asier Legarreta (1973, Mungia): Meñakan bizi da gaur egun eta Kultura Klasikoko irakaslea da Donostian. Taket bertso-eskolako arduradunetako bat ere badugu eta bertsolaritzarekin lotutako hiru liburu argitaratu ditu: "Joxe Miel Iztueta 'Lazkao Txiki'rekin azken afaria", "Kanta ala erreza III" eta "Juan Ormaetxe Taket".
•Joseba Artza (1978, Etxebarria): Etxebarrin jaioa, bertan bizi da eta Zumaiako lantegi batean egiten du behar. Markinako Bertso Eskolako kidea da. 1996an parte hartu zuen lehenengo Bizkaiko txapelketan eta Euskal Herrikoan ere parte hartu zuen 1997an. 1996an, 2002an, 2004an eta 2006an Bizkaiko Txapelketako finalaurrekoetara heldu zen. 2006 eta 2010ko Lea Artibaiko txapelduna da.
• Iker Belaustegi (1979, Munitibar): "Lopategiren bertso-eskolan hasi nintzen hamar bat urte nebazala eta sekula damutuko ez jatan esperientzia izan da. Plastiko eta Kautxozko Goi Heziketa Zikloa egin neban Markinako Lea-Artibai ikastetxean eta produkzio lantegi batean urte mordoa egin eta gero, bertsolaritzako irakasle nabil Bizkaiko Ikastolaren eskutik. Eskolartekoetan hartu neban parte bere garaian eta Araba-Bizkaiko txapelketaren azkenengo edizinoan hartu neban parte lehenengoz txapelketa 'nagusi' baten. Ordutik hona Bizkaiko txapelketa danetan hartu dot parte".
• Iñaki Iturriotz (1983, Igorre): Hezkuntza arautuko bertso irakaslea eta Arratiako Bertso Eskolako kidea. Bertan egiten du bertsotan. 2008 eta 2010ko Arratiako txapeldunordea.
• Lander Ibarluzea "Atxulua" (1983, Etxebarria): Mekanikako goi mailako zikloa egin zuen eta gaur egun basoan dabil beharrean. Bosgarrenez parte hartuko du Bizkaiko txapelketan eta ondo pasetan duela dino. Markinako Akerbeltz gaztetxean eta herriko bertso-eskolan egiten du bertsotan.
Itzubaltzeta gaztetxeko saioa iruditan: