Euskaldunek eta euskara ikasten dabilenek euskaraz hitz egiteko aukera gehiago izan dezaten, aurten, Berbalagun egitasmoa martxan jarri dute Leioan. Tokiko euskara zerbitzua,
Berbalamiñe euskara elkartea, Lamia AEK euskaltegia eta
Mastitxu udal euskaltegia dira egitasmo horren sustatzaileak. Helburuak bi dira: batetik, Leioako euskaldunak elkar ezagutzea; eta bestetik, euskara ikasten ari diren ikasleek praktikatzeko aukera gehiago izatea. Metodologiari dagokionez, adina eta zaletasunak kontuan hartuta, lau eta bost lagunen arteko taldeak osatuko dituzte. Euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuta, talde bakoitzak dinamizatzailea aukeratuko du eta denen artean erabakiko dute noiz, non eta zertarako bildu. "Arruntena astean behin taberna batean biltzea da, kafea hartzeko... baina aukera asko daude", Beñat Vidal Leioako Berbalagun egitasmoko arduradunak adierazi duenez. Argazkian, berbalagunen bila dabiltza jada Leioako euskaldunak / © Leioako Berbalagun.