Jone Uriak irabazi du Balmasedako kanporaketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 18a, 12:25

Jone Uria Albizuri algortarra nagusitu zen atzo Balmasedan jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketan. Klaret antzokiko saioak bertan bildutako 200 bertsozaleak lasaitu eta poztu zituen, lehenengo kanporaketan izandako maila erraz altxatuta. Uriak saio polita (mp3) egin zuen, baina ez bere zaleak ohitu dituen bezain liluragarria. Halere, berak eskuratu zuen jokoan zegoen Durangoko finalaurrekoetarako zuzeneko pasea, 398,5 puntu direla medio. Bere atzean, Joseba Artza (363), Iker Belaustegi (358,5), Iñaki Iturriotz (353), Lander Ibarluzea "Atxulua" (346,5) eta Asier Legarreta mungiarra (291,5) gelditu ziren. Lehiaketa aparte utzita, Askapenaren aurkako sarekadan atxilotutako Gabi Basañez Algortako bertsolariari elkartasuna agertu zioten ALBE eta Taketeko bertsolariek. Argazkian, Jone Uria pentsakor.

Bernardo Mandaluniz gai-emalea so zutela, hasieratik kartak mahai gainean eta gorantza begira jarri zituzten bertsolariek. Lehenengo agurrean (mp3), "bi urte nola pasan diren alajaina / txapelketari zaila da hartzen tamaina / guk puntuak ezingo ditugu ahaztu baina / egin nahi dugu saio dotore, bikaina / zuek behintzat puntuez ahazteko haina" agindu zuen Jonek. Joseba Artzak, ordea, bere eta Ibarluzearen mugak ikusten zituen saioaren abiapuntutik: "Hemen bertsoak elkartu gaitu txapelketaren hasieran / 'Atxu' ta niri orbitaz kanpo geratzen zaigu aukeran".

Asier Legarreta txapelketako beteranoenak ere ez zuen ilusio larregirik egiten: "Derio aldean azken txartela hartu neban nik gainera / horrexegatik nator plazara dodan dana emotera / azken txartela hartutea be premoniziñua ote da? / horrexegatik nator plazara zuekaz ondo pasatzera". Gauzak horrela, kanporaketa puntu komikotik abiatu zuen Ibarluzeak, gerora puntu gehien ez baina barre gehien metatuko zuena: "Hau azkenaren hasera / atsaldeon Balmaseda / sei kale hiru azera / taberna ertza alboan hutsiz / gustora oltza gainera / urduri jarri naiz zera / bonjour edo bonassera / welcome lehenengo pasera".

Ofiziotan, Jone nagusi

Saioa abiatuta, bertso onak entzun ziren ofizioetan, bietan Jone Uria nagusitu zela, Joseba Artzak zein "Atxulua"k gertutik jarraitzen zutela. Hasteko, zortziko handian, eliteko kirolariak izatea egokitu zitzaien Jone eta Landerri. Etapa gogor ostean doping probarako itxaroten jarri zituen biak Mandalunizek. Elkarri eraso egin beharrean, gaiari zukua ateratzeko elkarlanari ekin zioten biek, atarramendu ona ateraz eta ale politak utziz. Elkarrizketa (mp3) horrela ireki zuen algortarrak:

Nahiz eta etapa bukatzeko ez eduki nahiko arazo
hona heldu naiz eta dardaraz burua ezin dut jaso
dopinik nahiz ta ez dudan hartu laister larritu naiz kontxo
Eusko Labela zuen txuleta bat afaldu nuen atzo

Atxuluak erantzun eta horrela jarraitu zuen bien artekoak:

Jonek tiratu ta nik jarraitu etzaigu egin hain gogor
atzo gaueko digestioa be egin dogu jator jator
kazetariak daude helmugan ta droga zaintzaileak hor
kendu drogaren kontadore hau, gu ez gara ta Contador

Bai Contadorri joko diote benga berriz erasoan
baina euren erruz guretzat ez da egoera hau erosoa
gu ez baikara bikote txarra ez bikote tranposoa
kantinploretan sartzen dutena ez da gure arazoa

Gure taldeko zuzendariak badauka nahiko azpilan
ta gero drogak aurkitu guri bai hor bai hemen ta bai han
txuleta eta historiekin ezin da hasi demandan
Ze bistan dago zuk behintzat Jone ez duzula askorik jan

Ba nik jaten dut nahiz eta erre guztia halako baten
zuk ere ez pentsa txirrindulari bat ez baituzu ematen
kontu hauekin hala ta guztiz badut hainbat burutapen
ikuskizuna etapan zehar ala ostean nahi duten

Zuk kasuripez gure jendea ez da batere noble
edozer gauza izan liteke edozeinen nobedade
etxeko lanak egin ditugu Jone biok parez pare
ta azterketara agertzen gara beti txuletarik gabe

Baina Uriaz aparte, Artza ere ondo moldatu zen nagusian. Iker Belaustegirekin bikotea osatu zuen berak eta oporren bueltan horrela kontatu zuen eztabaida amaigabean emandako hamabostaldia: "ja enekien garraixi egin edo sabaitik eskegi / bikote legez pasa ditugu biok nahikoa miseri / 4.000 euro pasa gastatu gastau ere larregi / baina amaitu dira oporrak eta maitea gaitzerdi". Belaustegik, baina, nahiago izan zuen etorkizunari begira jartzea: "Benidorretik pasatu dugu guk azkenengo bolada / batak hondartza besteak juerga konpontzea gendun traba / orain lanean barriz jo ta ke hasi behar bada hara / gabaz bakarrik ikusi ezkero ondo konponduko gara". Baina Joseba nahiago izan zuen haien arteko iskanbilaren iturburuari so egitea: "Istripua da gertatu zena hala izan zen tamalez / hondartzan 'eman krema pixka bat, mesedez' / bronzeadorea eman zenidan protekzioaren ordez / lepoa erreta horrexegatik ibili naiz letxe txarrez". Gaia aurrera joanda potoa egin zuen Belaustegik, bertsolarien azkena izango ez zena.

Zortziko txikian, ama eta autoa

Neurri txikiko ofizioan (mp3), Iñaki Iturriotzekin kantatzea egokitu zitzaion Joneri. Luzangak Uria aurkitu zuen autoren giltzak eskuan, aste osoa kotxe barik pasatuko zutela erabaki izan arren. Horrela aurpegiratu zion Iturriotzek, potoa eta guzti: "Beti zabiltza Jone naturari hala / astebete hartuta zeuk esan bezala / esan eiztazu Jone momentuan hala / belarriko patatak kenduteko dala". Defendaezina dena defendatzea tokatu zitzaion txikiari eta artez egin zuen: "Kotxe alboan uzteko zen gure eskea / eta ez da atera gauza desastrea / aste bukaerara arte kotxea uztea / ta igandetan bukatzen da beti astea". Iturriotzek bere ingeles jarrerak kritikatu ostean, kontraerasora pasatu zen Jone eta Iñakiri Arratiatik auto barik zelan etorri zen justifikatzeko eskatu zion. Ederto azaldu zuen Iturriotzek: "Egingo deutsut arin transporten zerrenda / trena ta autobusa arin hartu benga / lehenagoko ohitura posible ete da / tranbian etorri naz baina atzo urtenda". Horren ostean azken errematea eman zion Jonek: "Beraz zuk egin duzu kristoren azaña / zure hitza betetzen duzu alajaina / hitza betetzen ona zaitugu bai baina / orain uler dezaket daukazun usaina".

Bere aldetik, Joseba Artza eta Lander Ibarluzea neba-arrebak atzo jakin zuten euren amak hirugarren haurra ekartzekoa dela. "amak beste ume bat badakar bertara / baina joatea deko amak pikutara / beste zure moduko sosondo bat bada" abiatu zen erasoan Lander. Apur bat itxaron zuen Artzak taxuzko erantzuna emateko: "arreba galdetzen du ignorante trazan / menopausia aspaldi ez al zuen izan?". Landerrek, baina, amaren eta Josebaren aurka batera egitea hobetsi zuen: "ama etxeratzen da herri osoa, ai, jota / zure errua dena zu burutik jota / amari Interneta jarri zenion ta".

Puntuari erantzuna ematen

Lander Ibarluzea "Atxulua" nagusitu zen bertsoari erantzuten, saioan zehar ondo funtzionatu zion umore ildotik. Honako hauek izan ziren bertsoak:

Zigarroa pizteko hainbeste problema...

hiru lege gizonek jarri dute dena
ta geuk pairatzen dugu hori da txarrena
etxean erretzea denontzat onena.

Zaindu beharko dogu gure osasuna...

gero dirua eta gero maitasuna
noizbehinka etxe ondoan garbitu asuna
ta ondo gorde ezazu zerorrek duzuna.

Joseba Artza ere ganoraz heldu zion erronkari, tokiko bertsozaleei abestea egokitu zitzaiola:

Enkarterria bere badabil bertsotan...

horrelakorik ez da gertatu askotan
baina antzematen dut ez zaudete lotan
eta igarri diot gaur areto hontan

Txapelketa heldu da Balmasedaraino...

Etxebarritik oso urrun dago, koño
bidea, errebuelta, stop eta laino
enintzen etorria honera gaurdaino.

Jonek, ordea, lehenengo bertsoari (mp3) ederto erantzun bazion ere, arazoak izan zituen bigarrena sendo amaitzeko, nahiz eta gaia gertua suertatu zitzaion:

Gonbidatuta zagoz nire Facebook-era...

eskerrik asko, eman didazu aukera
baietz emango dizut, Bernardo, aurrera
beraz lagunak gara, gabiltza batera.

Pantailaren aurrean denbora larregi...

pantailaren aurrean nor ez da eseri
pantailari begira, segi eta segi
hobe han ez botata hainbeste izerdi.

Txileko meatzariak

Kartzelako lanean (mp3) aritu zen hobekien Jone Uria, "70 egun egin dozuz meategiaren ateetan" gaia hartuta, meatzari baten alabaren ahotik abestu zuela. Horrela aurkeztu zuen istorioa:

Gure aitatxo nola izan zen desgraziaren bezero
nahiz hasieran gure esperantza hitz batean izan zero
"bizirik daude" esan ziguten eta jarri pozez ero
"irtengo dira", "irtengo dira" ezin besterik espero
eta ordutik berdin da euri, eguzki, hotz edo bero
badaezpada etorri gara egunero-egunero.

Gaiaren aurkezpena eginda, konponbidea heldu eta arazo berria sortu zitzaion Uria alabatxoari: "ta azkenean atera dute beste hamarren ondoren / baina kamara hurbildu zaio ni hurbildu baino lehen". Hori ere konponduta, sendo bukatu zuen bakarko saioa: "eta ez dakit nire partetik zeozer egin nezakeen / bueno, badakit ez gaur, ez bihar, ez etzi eta ez aurten / ez diot berriz inoiz utziko aitari lanera joaten".

Joseba Artzak ere ale polit batzuk utzi zituen meatzeren zulotik irteten ari den meatzariaren burutik. Potoa izanda ere, erremate polita eman zion azken bertsoan: "Hala ere hemen nago berriz ere kanpoan / ta ze erretratu latxa hor daukadan kanpoan / emaztea hor dakusat, amantea alboan".

Antzeko gaia ibili zen Iker Belaustegi, baina kanpotik espero duen neskatoaren azaletik: "barruan ez baina kanpoan be gozoa ez da papela / mutil laguna hartu nahi nuen besarkadetan bezela / baina orain arte nik enekien ezkonduta zegoela". Zukua atera zion ildo horri:

Ilusiotan jada hemen nago morroskoak ikusi nahiz
azken egunetan izan ez den aurpegi gozo ta alaiz
gaur kanporantza omen dator ta goizez esnatu naiz, garaiz
ezkondu gabe baina hemen nau, emazte handi baten dohaiz
orain berriro ikusiko dut, gainera momentu lasaiz
bere emazteak alde egin zuen, baina ni hemen geratu naiz.

Arazoa alboratuta, etorkizunari begira amaitu zen Belaustegi: "egunak ere pasako dira ta joango dira arin / zeozer egin beharko dogu berriz gertatu ez dadin".

Iñaki Iturriotzek, berriz, ama baten ikuspegitik kontatu zigun historia: "eta lurpean dauzkat lagunak gizona eta semea / emongo al deuzta bizirik barriz lurrak semetxo maitea / zein gogorra dan lurpean dauen baten ama izatea".

Azkenik, Asier Legarretak eta Atxuluak meatzarien ahotik kantatu zuten. Olentzeroa, txistua, akordeoia eta alboka Txilen kokatu ostean, horrela bukatu zuen Ibarluzeak, algaren artean: "lehen ez zen inor gogoratzen da orain naukate itota / berriz lurpera joan behar naiz argi larregi dago ta".

Gabi Basañez gogoan

Saioa amaituta, agurren txandan Legarreta eta Uria gogoratu ziren Gabi Basañez bertsolari presoarekin. Horrela bota zuen Asierrek (mp3): "Gabi bertsolaria / preso hartu dabe / ondiño gu ez gara / torturaren jabe / bertsolaritza dogu / herri hontan zutabe / baina publikoa hor dau / publikorik gabe / hargatik jo txaloak / publikoan alde".

Jonek, ordea, horrela eskaini zion azken agurra Gabiri (mp3):

Ni animatzen zatoztenei ia ez dakit zer esan
zuei esker daukat indarra, tentsioak jan ez nazan
baina bada bat beti AEKn zebilena maisu trazan
bertso eskolan azaltzen zena, musika ta hitzen saltsan
Gabi urruti izate hutsa nola ezin dugun jasan
ipuin hau laster buka dadila, hala bazan ta ez bazan
kalabozoan sartu zutena behingoz irten dadin plazan.

Behin behineko sailkapena:

Finalaurrekoetarako sailkatuak

• Onintza Enbeita (iazko finalista)
• Etxahun Lekue (iazko finalista)
• Iratxe Ibarra (iazko finalista)
• Arkaitz Estiballes (iazko finalista)
• Fredi Paya (iazko finalista)
• Oihana Bartra (Mungiako irabazlea)
• Jone Uria (Balmasedako irabazlea)

Beste zortzi sailkatuak, puntuazioen arabera (hiru saio falta dira)

• Xabier Enbeita, 370,5 puntu.
• Joseba Artza, 363.
• Ander Elortegi, 361,5.
• Iker Belaustegi, 358,5.
• Iñaki Iturriotz, 353.
• Itxaso Paya, 349.
• Lander Ibarluzea "Atxulua", 346,5.
• Julen Erezuma, 342.

Dagoeneko, txapelketatik kanpo

• Julen Sololuze, 340.
• Asier Legarreta, 291,5.

Datorren kanporaketa

Hurrengo kanporaketa (mp3) saioa datorren igandean izango da Aulestiko Torrezelai frontoian, 17:30etan. Kantuan beste sei bertsolari izango dira: Arrate Illaro algortarra eta Ipar Uribeko azken txapelduna, Peru Vidal leioaztarra, Mikel Goiriena Uribe Butroeko txapelduna, Xabat Galletebeitia, Gorka Ostolaza "Potxis" eta Ibon Ajuria. Gai-emaile lanetan, ostera, Leire Bilbao arituko da.

Aulestiko saiorako sarrerak aurretiaz internetetik erosteko aukera bada, baita finaleko sarrerak ere. Horretarako, bertsosarrerak.eu webgunean sartu eta bertako argibideak jarraitu besterik ez dago.

Jone Uria eta Lander Ibarluzearen arteko zortziko handiko ofizioa [cc-by-sa Bizkaiko Bertsozale elkartea - Bizkaikotxapelketa.biz]



Joseba Artza puntuari erantzuten [cc-by-sa Bizkaiko Bertsozale elkartea - Bizkaikotxapelketa.biz]



Lander Ibarluzea puntuari erantzuten [cc-by-sa Bizkaiko Bertsozale elkartea - Bizkaikotxapelketa.biz]



Jone Uriaren azken agurra [cc-by-sa Bizkaiko Bertsozale elkartea - Bizkaikotxapelketa.biz]



Balmasedako kanporaketa iruditan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun