Bi hilabeteko bidaiaren ostean, Bizkaiko Zubira heldu zen atzo, igandea, eguerdiko 12ak aldera, Unai Basurko marinel portugaletetarrak gidatzen duen
Pakea Bizkaia itsasontzia. Irlanda eta Eskoziako mendebaldeko kostaldean hainbat portu bisitatu ditu, Laponiako Ipar lurmuturrerainoko bidean. Areeta eta Portugaleten bildutako herritarrak agurtu ostean, Algortako Kirol Portura abiatu ziren marinelak. Bertan zain zituzten ehun bat senide, lagun, babeste, hedabide eta zale. 12:20ean porturatu zen Pakea Bizkaia. Zortzi nabigatzaileek moilara salto egin bezain laster, txalo zaparrada beroaz hartu zituzten bildutakoek. Portuko sirena ere piztu zuten ongi etorria emateko. "Hunkigarria izan da", aitortu zutenez. Dagoeneko senide eta lagunekin egoteko gogoa zeukaten marinelek, abuztuaren 7an abiatu zirenetik ez baitzuten elkar ikusten. Horren adibide izan ziren besarkadak eta musuak, abesbatza batek emanaldia eskaintzen zuen bitartean. Ohiko argazkia aterata, brindisa egin zuten tripulazioko kideek, “Gora Pakea Bizkaia, gora Euskadi” oihukatuz, bidaia arrakastatsua izan dela ospatzeko. Argazkian, Pakea Bizkaia atzo Bizkaiko Zubira heltzen / © Pakea Bizkaia.