Uribe Kostako Berbalagun ekimenaren aurkezpenak iluntzean abiatuko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 18a, 19:21

Gaur iluntzeko 7etan, 2010-2011 ikasturtean ere martxan jarritako Uribe Kostako Berbalagun egitasmoa aurkeztuko dute Sopelako Kurtzio kultur etxean. Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea eta Urtxintxa Eskola dira mintzapraktika ekimen hori mankomunitateko zazpi udalerrietan aurrera eramaten duten erakundeak. Fakun Aznarez ekimeneko dinamizatzaileak jakinarazi duenez, dagoeneko izena eman daiteke Berbalagun egitasmoan, bai gaurko zein datozen egunotako aurkezpenetara joanez, bai 605 773 541 telefono zenbakira deituz eta baita berbalagunuribekosta[abildua]hotmail.com posta elektronikora idatziz. Argazkian, eskualdeko berbalagun batzuk iaz Sopelan egindako bertso saioa (mp3) eta kantaldian.

Aznarezen arabera, Berbalagunen "lau pertsona inguruko taldeak elkartzen dira, euskaldun zaharrak eta berriak tartekatuz. Astean ordu betez geratzea adosten da hasieran, taldekideek beraiek, aukeratzen dutelarik non eta noiz gelditu, zer egin…". Horrez gain, berbalagun guztiak biltzen dituen ekintzak ere antolatzen dituzte (irteerak, afariak…) modu honetan, euskararen harreman sareak gehiago zabalduz. Talde horien jarraipena egiteko, arazoak konpontzeko, informazioa zabaltzeko zein zalantzak argitzeko arduradun baten laguntza izaten da eta bera arduratzen da taldeen osaketaz, ekintzen antolaketaz…

Amen taldea

Iaz 80 pertsona inguruk hartu zuen parte proiektuan eta euskaraz mintzatuz, zaletasunak konpartituz eta jende berria ezagutuz, euskaraz berba egiteko gaitasuna garatu zuten. Hori dela eta, aurten, berriro martxan jartzeko premia ikusi dute eta, gaur hasita, Mankomunitateko herrietan egitasmoaren aurkezpenak izango dira Berbalagun egitasmoa hurbilagotik ezagutzeko. Beste alde batetik, aipatzea "amen taldea" osatzear dagoela Berangon (parke batean, seme-alabekin batera egotea...). Esperientzia bera errepikatu nahi dute gainontzeko herrietan. "Kontuan hartuz seme-alabatxoekin zaila dela taberna edo beste leku itxi batean batzea, parkea izan daiteke alternatibarik onena", adierazi dutenez.

Aurkezpenak herriz herri:

- Sopela: urriak 18, 19:00etan Kurtzio kultur etxean.
- Plentzia: urriak 19, 19:00etan Goñi Portalen.
- Gorliz: urriak 20, 19:00etan, Eloisa Artaza erakusketa aretoan.
- Lemoiz: urriak 21, 19:00etan, kultur etxean.
- Urduliz: urriak 23, 12:00etan, kultur etxean.

Iazko bertso-saioa eta kantaldia iruditan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun