Alvaro Gonzalez Kirol zinegotziak adierazi duenez, “umeek kirol-eskaintza zabala praktikatzeko aukera badute gerora gustuko duten modalitatea hautatu baino lehen. Azpimarratu behar da, gainera, kirola egiteko ohitura haurtzaroan finkatu behar dela. Horregatik, 6 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta dago programa hau”, gaineratu du Gonzalezek. Multikirolak programak 2008ko Bizkaia Saria jaso zuen kirola sustatzeagatik.
Egitaraua
Aipatutako lau modalitate berriez gain, aurtengo egitarauan ondorengoak ere izango dira: irristaketa, eskia, arrauna, kayaka, surfa, egokitutako kirola, igeriketa, futbola, eskubaloia, boleibola, saskibaloia, herri kirolak, esku pilota, errugbia, hockeya eta atletismoa.
Ekintzak eskolaz kanpoko ordutegian egiten dira eta, horiekin batera, kirol topaketak eta txangoak izaten dira. Azken horiek, normalean, larunbat goizetan egiten dituzte. Topaketei dagokienez, ikastetxeetan modalitate bateko zortzi saio egin ostean, umeei dei egiten diete lehiakorrak ez diren partidak jokatzeko edo modalitate horrekin lotutako jolasak edo ariketak egiteko. Txangoak, bestalde, hain ezagunak ez diren modalitateak ezagutzeko aurrez prestatu gabeko kirol-ekintzak dira. Horietan eskola-umeen senideek ere parte har dezakete.