Bi igande barru, hilaren 31n, kenduko dute Areetako Txurruka moilan dagoen Getxo Dinosauro Parkea. Maiatzean zabaldu zutenetik, 45.000 lagun erakarri ditu erakusketak, Udalak adierazi duenez. Hainbat dinosauroen tamaina errealeko erreprodukzioez baliatuz, historiaurreko narrasti handien mundua publikoari hurbiltzea du helburu ekimenak. Erakusketa tematiko hori aro Kretazikoan eta Jurasikoan bizi ziren izakien tamaina errealeko 16 erreprodukzioz osatuta dago. Pieza guztiak xehetasun handikoak dira eta, horri esker, bisitariek dinosauroen tamaina eta benetako itxura ezagutzeko aukera izan dute. "Kopien kalitatea ikusita, erakusketa aitzindaria da hori. Piezek itxura izugarri errealak eta xehetasun handiko egiturak dituzte. Pigmentu naturalak eskuz margotuta lortu dira. Teknologia berriak eta eskulangintza teknikak uztarturik, Europako dinosauro erreprodukzioen bilduma nagusienetako bat lortu da", jakinarazi dute Udalekoek. Argazkian, tiranosauro bat Areetan / © Getxo.net.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.