Kontatu zidan zelan Lemoizko Nuklearrekoa gutxi batzuek sekulako dirutza egiteko antzerkia baino ez zen izan. Ez zegoen eraikuntza baimenik, materialak inoren sinadura barik erosi eta garraiatzen ziren, hasieratik egin ei zen guztia... Nuklearra sekula eraikiko ez balitz legez. Lanek aurrera egitea antzerkia borobiltzeko modua baino ez ei zen izan. Azkenean, sekula amaitzeko asmorik izan ez zutena amaitu barik utzi zuten, eta, ETAren presioaren aitzakiapean, egundo ez zen ganorazko ikerketarik egin lege baldintzarik gabeko dirutza mugimendu haietaz. Euskal Energiaren Erakundeak jokaldi hartan lapurtutako diruarekin zerikusia zuela iradoki zidan, ahots goibelez.
Aitortu zidan ETAk ere ba ei zekiela guztia, baina, arretaz aztertuz gero entzundakoa, arin ulertuko nuela guztiei interesatzen zitzaiela historiarako lotu den bertsioa. Alde guztiek lortu zuten euren helburua, batzuek gizarteari eta besteak poltsikoari begira.
Udagoieneko orbelek estali zuten begirada, baina AHTaren gaineko azkeneko berriek Lemoizko basoetara eroan naute berriro. Finantzaketa jaitsi da, Frantziarekin ez ei da loturarik egongo, ingeniari guztiek argi esaten dute orain ez duela merkantzien garraiorako balioko, lanak hamar-hamabost urteko atzerapenarekin amaituko direla... Bitartean, ostera, sekulako dirutzak egiten dabiltza hainbat enpresari.
Ez naiz ni hasiko AHTa amai dezaten eskatzen. Baina bat baino gehiago Basordako Damari kandelak ipintzen dabilkio. Dirutza eroan eta lanak amaitu barik uzteko aitzakia bat eman diezaioten.
Fredi Paya bertsolari algortarrak pasa den ostiralean "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.