Getxoko udaltzainek 36 urteko M.S.S. gizonezkoa atxilotu dute, urriaren 13tik 16ra bitartean Areetan hainbat edukiontzi erretzea egotzita, Udaletik jakinarazi dutenez. Erretako kontainerren kopuruak gora egiten ari zela ikusita, hilaren 13an eta 14an tokiko poliziek kontrol bereziak jarri zituzten erreketa horien egilea aurkitzeko asmoz. Urriaren 15eko gauean, M.S.S. erreta zegoen edukiontzi baten ondoan identifikatu zuten, Getxoko Udaltzaingoaren arabera. Gerora ere, hainbat alditan topatu ei zuten beti erreta zegoen edukiontzi baten alboan. Azkenik, joan den larunbatean, goizaldeko 1:30ak aldera, Areetan edukiontzi bati su ematear omen zegoenean, udaltzainek ezustekoan harrapatu zuten. Berehala atxilotu zuten eta hurrengo goizean epailearen eskutan utzi zuten. Azken astean hamar bat edukiontzien erreketarekin zerikusia ote duen ikertzen ari dira. Argazkian, 2009ko abenduaren 6an, goizaldean, ezezagunek Leioan eragindako suteek 19 edukiontzi eta 8 ibilgailu kiskali zituzten. Gaixo psikiatriko bati leporatu zizkioten ekintzak / © Leioa.net.