Larunbat honetan, urriak 23, ekitaldi berezia egingo dute Bilboko Euskalduna Jauregian, Leioako Musika Eskolaren 30. urteurrena ospatzeko. Saioa 20:00etan hasiko da. Egun berezi horretarako Josu Elberdin konpositore pasaitarraren "Magnificat" obra aukeratu dute. Hain zuzen ere, musika eskola leioaztarreko taldeek interpretatuko dute aipatu lana. Banda horiez gain, luxuzko kolaborazioak ere izango dira oholtza gainean. Besteak beste, Kepa Junkera trikitilaria, Jaurne Gaminde sopranoa, Marife Nogales mezzosopranoa, Ibon Koteron albokalaria, Argibel Euba eta Iñigo Olazal txalapartariak, Itziar Bilbao piano-jolea, Andrea Ranero txirularia eta Elur Arrieta perkusio-jolea izango dira. Basilio Astulez eta Margarita Lorenzo de Reizabal irakasleak, berriz, zuzendari lanetan arituko dira. Sarrerak salgai dira jada Leioako Musika Eskolan (944 638 683), Euskalduna Jauregiko lehiatiletan eta BBK-ko kutxazainetan. Argazkia: © Leioa.net.