Iparraldeko Besta izango da ostiralean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 19a, 19:36

Ostiral honetarako, hilak 22, egitarau zabala antolatu dute Algortan, Iparra Galdu Gabe jardunaldien barruan. Arratsaldeko 7etatik aurrera, Baionako Casenave txokolatea dastatzeko eta Anje Duhalderen kontzertua entzuteko aukerak izango dira, Torrene kaleko erakusketa aretoan. Daniel Landart Euskal Kultur Elkarteko (EKE) ordezkariak idatzitako hitzak dituzten kantak abestuko ditu lapurtarrak. Ondoren, Uztaritzeko txarangak kalejira egingo du herrian zehar, 20:30etik aurrera. Eta, jaiari amaiera borobila emateko, 22:00etatik aurrea, Mirentxu Lazkanok, Jokin Irungarayk eta Sebastian Othaburuk osatutako hirukoteak euskal kantuak abestuko ditu Fadurako erretegi zaharrean egingo den kantu afarian. Bertan, sabelak betetzeaz aparte aparte, tragoak hartzeko, abesteko, dantzatzeko eta parranda egiteko aukera egongo da. Afariko txartelak Algortako Villamonte kaleko kultur etxean eskura daitezke 15 eurotan bihar arte. Argazkian, Jon Cazenave, Daniel Landart, Imanol Landa eta Jokin Aspuru jardunaldien aurkezpenean.

Txokolatea dastatzea

Casenave txokolategia Baionan sortu zen 1854an. Gaur egun ere ohiko ekoizpena mantentzen du: txokolatea artisau erara eginez eta produktu naturalak erabiliz. Egiten duten txokolatea dastatzeko eta euren azalpenak entzuteko aukera emango dute ostiralean, arratsaldeko 7etan, Algortako Torrene kaleko erakusketa aretoan.

Anje Duhalde Daniel Landarti esker onez

Anje Duhalde kantariak, Daniel Landartek idatzitako hitzak dituzten kantak abestuko ditu, Algortako Torrene kaleko erakusketa aretoan. Getxoko Udalak 10 urte daramatza harremanetan Euskal Kultur Erakundearekin. Harreman horietatik, Ipar Euskal Herria ezagutarazteko hainbat eta hainbat ekimen antolatu ahal izan dira udalerrian. Eta antolaketa lanetan hor ibili da beti Daniel Landart. Daniel adiskidea jubilatu egingo da laster. Udalak bere esker ona adierazi nahi dio ekitaldi xume batekin.

1946ko abenduaren 11n sortua, Donoztirin (Nafarroa-Beherean). Hogei urtez (1965-1985) euskal antzerkiaren animatzailea izan zen Dabiel Landart: antzezle (8 aldiz), idazle (12 obra) eta zuzendari (15 antzezlan). Hainbat liburu ere idatzi ditu: "Hogoi urte", "Aihen ahula" (3 edizio), "Erranak erran", "Batita Haundia" (Irun Literatur Saria) eta "Anaiaren azken hitzak", hurrenez hurren. Artikulu askoren idazlea ere izan da kazeta eta agerkarietan: "Gazte", "Pan-Pin", "Etchea", "Enbata", "Herria", "Almanaka"… Bestalde, hogei bat kantuen hitzak egin ditu, Mikel Laboa (“Zure begiek”), Akelarre (“Goizero”), Anje Duhalde, Errobi (“Txileko langileria”, “Telebista”)zein Mixel Ducau-rentzat. Azkenik, bertso-saio askoren antolatzailea eta gai-jartzailea, euskaltzain urgazlea (1979) eta Euskal kultur Erakundean zuzendariordea ere bada.

Musika kalez kale

Algortako kaleak musikaz eta animazioz beteko dira Uztaritzetik gerturatutako txarangarekin, 20:30etik aurrera. Metalezko musika-tresnak nagusi eta perkusioaz lagundurik, Ipar eta Hego Euskal Herriko festa askotan ibiltzen dira giroa alaitzen. Kalejiraz aparte, afariaren ostean txarangak kantuan eta dantzan jarraitzeko aukera emango du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun