Berrazterketa horretan, argazkilariak diren bi anaien lengoaia bisualak diharduen psikologo Amaiaren analisiarekin bat egin du. Aurkakoen fusioa da emaitza; atzo eta gaur bat eginda. "Nahiko errotutako kultura izan arren, eboluzionatu dugu eta edozein herrialderekin lehia gaitezke", Endikak nabarmendu duenez. Eskarmentu handiz daki artistak zertaz ari den, Madrilen zazpi urte egin ostean. "Egiatan, ez gara inor baino gutxiago. Kultur mailak maila gorenean gaude", aipatu du. Izan ere, azpimarratu duenez, euskal jendartearen indarguneetako bat da tradizioaren ondarea: "Ez dugu zertan gure ohiturak galdu beharrik. Sama ezik, aberastasuna dira". Tradizioaren abangoardistak ala modernitatearen tradizionalistak, gure ohituren ikuspegi berria proposatzen dute aipatu sortzaileek. Artaldea zaintzeko ordenagailua erabiltzen duten artzainak edota punk erara jantzita kalean barrena dabiltzan txistulariak... Horri buruz, gero eta homogeneizatuagoa dagoen munduan, salbuespentzat jo du euskal kultura Endikak. "Mendebaldean parekoa izan daiteke, agian, Japonia; errituak gogoko izan arren, modernoa delako", bere ustez.
Nolanahi ere, betiko Guggenheim daukaten postalen irudi topikotik aldendu dira sortzaileak. "Alde batera utzi ditugu Kursaal bezalako betiko eraikinak. Gure arkitektura klasikoa ere balioa handikoa da", adierazi dutenez. Kontua da... askorik ez direla aldendu, postal alternatibo bat irudikatzeko orduan. Bilboko Etxebarria parkea eta Bermeoko portua alde batera utzita, Berangoko basa-guneetan egin dituzte argazki gehienak. Irudien protagonistak ere ez dira ezezagunak. Profesionalei deitu beharrean, lagunei eskatu diete laguntza. Eurek ere posatu dute, behar bezala karakterizatuta.
Londres, Bartzelona, Boise eta Uruguaira
Bi anaien asmo zaharra Amaiak bat eginda gorpuztu dute azken urtean. "Oso zail ikusten genuen, baina orain ilusio handiz ari gara", aipatu du Enekok. Aldundiaren eta Berangoko Udalaren laguntzaz hartu du abiada proiektuak. E-posta bidez, euskal etxeekin harremanetan jartzea izan da azken pausua. "Oso ondo hartu dute ekimena. Hemengo gaiak faltan sumatzen dituzte", gaineratu duenez. Bartzelona, Boise (Ameriketako Estatu Batuak) edota Uruguaiko mostren datak zehaztea falta zaie. Facebook bidez, sarea jaurti diote euskal diasporari. Euskal zentroei gure kulturaren ikuspegi integrala eskainiko diete, jantzi autoktonoez eta bideo-lan batez lagunduta. "Euskal Herriko egungo irudia saltzen ari gara", diotenez. Bueltatzerakoan helduko da bigarren zatia, kanpoko euskaldunen izaera eta ohiturak bertoko kulturen ezaugarriekin uztartuko baitituzte.