"Pepetxin" zenaren omenezko lapikoko txapelketa egingo dute hilaren 31n Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 20a, 20:23
Hilaren 31n, igandea, Sopelako lehenengo Lapikoko Txapelketa egingo dute udaletxeko plazan. Bertan, aurten zendutako "Pepetxin" izengoitiko auzokidea omenduko dute. Sopeloztar horrek oso gogoko zuen Euskal Herriko lehiaketa gastronomikoetan parte hartzea eta emaitza ezin hobeak lortzen zituen horietan, "Deia" egunkariak zabaldu duenez. Aurtengo txapelketa lehenengo edizioa izango da, baina, antolatzaileek jakinarazi dutenez, urteroko ospakizuna bilakatzea espero dute. Hamaika sari banatuko dituzte. Lehenengoak txapela eta 500 euro jasoko ditu. Bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarrenari, berriz, garaikur bana eta 400, 300, 200 eta 100 euro emango dizkiete, hurrenez hurren. Lehenengo bost horiek, gainera, 10 kilo ikatz eta pizgailua eramango dute, Ecobrasaren eskutik. Hurrengo bostek 30 euro jasoko dituzte eta lehenengo sopeloztarrak Toni Gomez Balmasedako artisauak emandako eltzea. Argazkian, hainbat lagun sukalkia prestatzen Sopelako Euskal Jaian / © Sopelana.net.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun