Gaur bizi dugun ongizate mailaren ondorioz, planetan dauden baliabide naturalak ez dira nahikoak, azaldu dutenez. Erabilera horren ondorioak pertsona bakoitzak planetan uzten duen aztarna ekologikoaren bidez neurtzen dira. "Getxoztarrek, euskal populazioa bezala, bi planeta eta erdi beharko lituzkete bizitza-maila berdina mantentzeko. Horrela jarraituz gero, 2020an EAEko herritarrek 3,1 planeta beharko lituzkete baliabide naturalen kontsumoa asetzeko", tokiko arduradunen arabera. Getxoko Udalak eta Unesco Etxeak proiektu aitzindaria abian jarri dute aldaketa klimatikoari aurre egin eta getxoztarrek ingurumenaren erabileraren inguruan hausnar dezaten. Herri pobreetan kontsumoak duen inpaktu negatiboa orekatzea da asmoa, hori ingurumenari eta CO2 kontsumoari egokituz eta kooperazio proiektuak bultzatuz.
Urriaren 24ko Garapenari buruzko Informazioaren Mundu Egunaren harira aurkeztu dute egitasmoa Imanol Landak eta Mikel Mancisidor Unesco Etxearen zuzendariak. Aipatu egunean, igandean, mundu osoko iritzi publikoari garapenari buruzko arazoak eta beharrak transmititzen dizkio Nazio Batuen Erakundeak (NBE), arazoa konpontzeko nazioarteko kooperazioa sendotzeko asmoz. Oraingo honetan, bi erakundeek aukera izan dute kazetariei eta komunikabideei ondorengoa azaltzeko: "mundu mailako arazoaren irtenbidea aurrera egin dezan ezinbestekoa da, batetik, giza garapenean aldaketa-klimatikoak suposatzen duen mehatxuari buruzko informazioa hobeto hedatzea; eta iritzi publikoaren mobilizazioa, bestetik", azaldu dutenez. Ildo horretan, Mancisidorrek mezu itxaropentsua ere zabaldu nahi izan du, “klima aldaketa mehatxutzat jotzeaz gain egungo modeloa aldatzeko aukera bezala ere ulertu behar delako; baita aurrera eraman beharreko politika mota guztietan gai berritzaileak sartzeko ere”.
Euskal Autonomi Erkidegoko populazioaren aztarna ekologikoak neurtzen du eskualdeko bizi-mailaren arabera erabilitako baliabideak ekoizteko behar den produkzio eremua. Egun, mundu aztarna ekologikoak planetak birsortzeko behar duen gaitasuna %30ean gainditzen du. Agian, horregatik, egunero 200 espezie desagertzen dira, eta 2025ean egun dauden espezieen erdia desagertuko dira. Hori, giza garapenerako mehatxu globala da. Aldaketa gauzatzeko, Getxoko Udalak eta Unesco Etxeak, herritarrak kontzientziatu nahi dituzte, hedabideen bitartez.
Sentsibilizazio jarduerak
Lehenengo jarduera gaur bertan egin dute,k omunikabideekin batera. Proiektuaren aurkezpenean, Aitana Uria Unesco Etxeko Aldaketa-klimatiko arduraduna eta Florent Marcellesi Bakeaz erakundeko ikertzailea izan dira, Landa eta Mancisidorrekin. Horiek, azalpen labur bat egin diete, kazetariei klima-aldaketaren dimentsioak eta garapenerako dituen ondorioen gainean. Lehenengo ekitaldi horretan, eurek duten rol garrantzitsuaz kontzientziatu nahi izan dituzte komunikabideen profesionalak, "horiek baitira arazo globalen inguruan arreta piztu dezaketenak; bereziki klima-aldaketak herri pobreen garapenean suposatzen duen mehatxua". Horretarako, gai horren inguruko tresnak eta materialak banatu zaizkie. Gainontzeko jarduerak (erakusketa, lan-tailerra eta zine-foruma) abenduan izango dira.