Bigarren Hezkuntza ematen duten Uribe Kosta institutu plentziarreko ikasleek kontzentrazioa egingo dute bihar, ostirala,
Udalbiltzako auziperatuei elkartasuna eta "babes osoa" adierazteko asmoz. Hitzordua goizeko 10:50ean jarri dute. Horrenbestez, "Udalbiltza aske!" lelopeko pankarta atzean bilduko dira, hezkuntza zentroko eraikinetako baten kanpoaldean, Plentziakoak ez ezik, Urduliz, Sopela, Gorliz eta Armintzakoak ere diren ikasleak. Berez, larunbaterako eginda zeukaten kontzentrazio deialdia Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu dituzten 21 herritarrek. Horri jarraituz, Sopelan, udaletxe aurrean egingo dute elkarretaratzea, 13:00etan. Tokiko EAJ, ezker abertzalea, Alternatiba, EA eta Berdeak talde politikoek bat egin dute deialdiarekin. Algortan ere ordu berean izango da bateratzea, Kasino plazan. Protesta horien bidez, ezker abertzaleko Udal Hautetsien Bilkuraren lana "guztiz zilegi" dela aldarrikatu nahi da, eta elkartasuna adierazi auziperatuak diren alkate, zinegotzi eta Udalbiltzako langileei. Argazkian, Getxoko Bai Udalbiltzari Babes Taldeak deituta, uztailaren 10ean Udalbiltzako auzipetuei babesa adierazteko ekitaldia egin zuten Algortako Kasino plazan.