Imanol Beristain atxilotu dute ezker abertzalearen aurkako sarekadan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 22a, 09:27

Imanol Beristain Itzubaltzeta / Romoko militante independentista da Espainiako Polizia Nazionalak ezker abertzalearen kontrako sarekadaren baitan atxilotu duenetariko bat. Beristain goizaldean atxilotu dute Algortan bakarrik zegoela. Ondoren, goizeko 3ak aldera Barrikako bere etxera eraman eta bertan izan dute miaketa egiten izan diren bitartean, bere lagunek UKBERRI.NETi jakinarazi diotenez. Miaketa goizeko 7ak aldera bukatu dute, etxetik pare bat kutxa eraman dituztela. Beristainekin bizi den bikotekidea ez dute miaketara sartzen utzi eta "oso jarrera bortitza" agertu dute berarekin. Inguruetan ere, polizia oldartu da bertan zeuden hogei bat lagunen aurka eta hainbat borra-kolpe eman dituzte. Beristain Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernara eraman dute eta orain lokal hori ari dira miatzen. Guztira, hedabideak hogei atxiloketez mintzo dira. Bestalde, ezker abertzaleak manifestazioa iragarri du gaur 20:30etarako, Itzubaltzetan. Argazkian, Imanol Beristain atxilotuta eraman duten autoan.

Imanol Beristain Meaux-Cahuconin-Neufmontiers espetxe frantziarrean dagoen Iker Beristain preso politiko algortarraren anaia da. Egun, Iker Beristain "Beris" gose greban dago, Jare bere alaba jaioberria ikusteko baimena ematen ez diotelako. "Beris"-en egoera salatzeko mobilizazioa zegoen deituta gaurko, arratsaldeko 8etarako, Algortako Telletxe kalean.

Atxilotu gehiago

Efe eta Europa Press Espainiako albiste agentzien arabera, 20 bat izan daitezke Hego Euskal Herrian eta Katalunian atxilotutako gazteak, Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz abiatutako operazioan. Bizkaian zazpi neska-mutil atzeman dituzte, "Segi eta Batasuna-Ekin-ekin zerikusia dutelakoan". Beristainez gain, ustezko beste atxilotuak Xabat Moran Ruiz, Ikoitz Arrese Otegi, Ruben Villa Esnaola, Xabier Vidaurre Sanz, Irati Tovar Eguskitxa eta Endika Perez Gomez lirateke. Guztiei Segi "gazte erakundea berrantolatzea leporatzen diete", "El Mundo" egunkariaren arabera. Hori egozteko ustezko froga "batzar organikoetan, elkarretaratzeetan edo kalean pintaketak egiten parte hartu izana" da, Barne Ministerioko iturriek egunkariari aipatu bezala. Atxiloketak Bilbo, Labarretzu, Barrika, Galdakao, Sestao eta Portugaleten jaso direla zabaldu dute komunikabideek.

Araban, ordea, Igazki de Robles eta Emilio Yus atzeman dituzte, prentsaren arabera. Bartzelonan, Marina Sagastizabel litzateke atxilotua. Nafarroan, Apurtu.org digitalak jakinarazi duenez atxilotuak Xabier Arina eta Imanol Salinas Burlatako gazteak, Egoi Martinez Donibaneko bizilaguna eta Ibon Esteban Errotxapeako gaztea dira. Bere atxiloketa zelan izan den kontatu dio (mp3) Apurtu.org-i Nestor Esteban anaiak. Gipuzkoan harrapatutako lagunen izenik, ordea, ez dute jakitera eman oraingoz.

Gobernu berriaren lehenengo operazioa

Operazioa zuzendu duen epailea Fernando Grande-Marlaska da. Berau, irailaren 14an atxilotutako Erika Bilbao erandioztarraren eta gainontzeko zortzi herritarrek pairatutako "torturen erantzule" egin zuen TATek orain hilabete. Torturaren Aurkako Taldearen arabera, Grande-Marlaskak "zantzu argiak izan ditu mahai gainean, torturatuak izaten ari zirela jakin du: Hala ere, kasurik egin ez eta lau edo bost egunez eduki ditu (inkomunikatuta, Guardia Zibilaren eskuetan), hori jakin arren".

Azkenik, gaurko sarekada Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernu berriarekin gauzatzen den lehenengoa da. Alfredo Perez Rubalcaba eta Ramon Jauregi izar dituen Espainiako Gobernua aurkeztean, herenegun, bakerako bidean ezker abertzaleak emandako pausuak "nahikoak ez" direla esan baina "alferrik" ere ez direla izango agindu zuen Zapaterok.

Branka kultur elkartearen miaketa iruditan:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun