GaztEHerria erakundeko 50 bat kidek egin dute agerraldia (mp3) gaur arratsaldean, Bilbon, Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz Espainiako Polizia Nazionalak goizaldean egindako sarekada salatzeko. Iker Beristain itzubaltzetarra eta beste 14 neska-mutil —azkenengo biak Elgoibarren— atzeman dituzte. Aipatu atxiloketak, "arbitrarioak" ez ezik, "sistema demokratiko batean onartezinak" ere badirela aipatu dute. "Atxilotutako gazteak bezain errudunak gara gatazka politikoaren konponbidearen eta aukera politiko guztien defentsaren aldeko lanean", gaineratu dutenez. Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleez osatutako mugimendua "giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak bermatzeko" sortu zela adierazi dute GaztEHerriako kideek. Horrenbestez, hurrengo mobilizazio deialdietan parte hartzeko deialdia luzatu dute, baita "euskal gazteriari inoiz ez bezala guztion eskubideen defentsan lanean jarraitzeko grina" plazaratu ere. Argazkian, GaztEHerriako bi kidek irakurri dute adierazpena.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!