Seiehun lagunek baino gehiagok salatu dute Imanol Beristainen atxiloketa Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 23a, 01:55

Gaur iluntzean, 600 lagunek baino gehiagok salatu dute Imanol Beristain eta, gutxienez, beste 13 gazteren atxiloketa, Itzubaltzeta / Romon egindako manifestazioan. Hala ere, bildutakoak PSE-EEren egoitzara gerturatzea oztopatu du Ertzaintzak, Koska irratiak "Koskaberri" albistegiaren bidez zuzenean zabaldu duenez (mp3). Itzubaltzeta / Romo eta Areetako ezker abertzaleak salatu duenez, martxan zihoazen bi lagun identifikatu ditu polizia autonomikoak eta, bildutakoei, oldartzeko mehatxua ere egin die. "Herriko etxean manifestazioa ezin zela egin, baina nahi izanez gero batzokitik pasatzeko" esan diete ertzainek. Imanol Beristain polizien eskuetan inkomunikaturik egon bitartean, egunero izango dira mobilizazioak Itzubaltzetan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez (mp3). Bihar, larunbata, 20:00etan jarri dute hitzordua Kolas plazan; eta etzi, igandean, 12:30ean. Argazkian, jendetza Itzubaltzetan.

Iluntzeko 8:30etan abiatu da manifestazioa Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazatik. Protesta hasi baino lehen Ertzaintzaren furgoneta bat zain zeukaten bertan bildutakoek. Ibilbide osoan zehar torturaren aurkako leloak ihardetsi eta atxilotuen berehalako askatasuna aldarrikatu dute. Manifestazioa bukatuta, AAMk ez ezik, gazte mugimenduak (mp3) ere gaitzetsi ditu atxiloketak. Bestalde, Algortan, 55 lagunek salatu dute gaur atxilotutako Imanolen anai Iker Beristain preso politikoaren egoera eta bere aitatasun eskubideak errespetatzea eskatu dute. Zortzi egun daramatza gose greban, Jare bere alaba jaio berria ikusten ukatu diotelako, AAMk gogoratu duenez (mp3).

Itzubaltzeta / Romo eta Areetako ezker abertzaleak zabaldutako oharra:

Bart Hego Euskal Herria eta Katalunian euskal gazteriaren aurka egindako sarekadaren aurrean, Itzubaltzeta / Romo eta Areetako ezker abertzaleak honakoa salatzen du:

• Gauaz baliatuz eta aurpegia estalita, dozenaka polizi espainolek Imanol Beristain Gutierrez 27 urteko gure herrikidea atxilotu dute Algortan.

• Imanol Barrikara eraman eta bere etxea miatu dute, bere neskalagunaren aurka jarrera bortitza agertu dira eta bertaratu diren lagun eta auzokideen aurka oldartu dira.

• Ondoren, Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkartean sartu dira giltza batez eta goitik behera miatu dute, lekuko bakarra Imanol izan dela, inkomunikatuta eta babes gabe dagoena. Nahi izan dutena eraman (ordenagailuak, dirua eta batek daki zer) eta jarri ahal izan dute horrela.

• Imanol inkomunikatuta eraman dute “Lege Antiterrorista” deritzotenaren menpe, bost egunez poliziaren esku egon ahal izango dela.

• Sarekada zuzendu duen Fernando Grande-Marlaska epailea ezaguna da presoen osotasun fisikoa babesteko neurri guztiak atzera botatzeagatik, Torturaren Aurkako Taldeak baieztatu duenez eta pasa den hilabetean bere aurretik pasatu ziren Erika Bilbao erandioztarra eta beste zortzi atxilotuen tortura basatien salaketak frogatu dutenez.

• Operazio hau Zapaterok GALen garaitik berreskuratutako politikarien Gobernu berriak egindako lehenengo sarekada da bart egindakoa. Aurreko Espainiako beste Gobernuak bezala, Euskal Herriaren askatasun eta bake nahiari konponbide zaharrekin erantzun dio: atxiloketak, torturak eta sufrimendua.

Hori guztia dela eta ezkertiar, abertzale eta demokrata oro deitzen dugu atxilotuen osotasun fisikoa, gure gazteak eta Euskal Herria bultzatzen ari den prozesu politiko eta demokratikoa babestera.

Horregatik, Imanol Espainiako Polizia Nazionalaren esku eta inkomunikatuta dagoen bitartean, egunero Kolasen egingo den manifestazioan parte hartzera deitzen dugu.

Baina, horretaz landa, ezker abertzaleari behin eta berriro pausu berriak ematea eskatzen dionari sendo esaten diogu aurrerapausoak eman emango ditugula baina ez haiek bultzatzen ari diren bidean, baizik eta herri honen demokrazia eta askatasuna bermatzeko bidean, jartzen eta jarriko dizkiguten oztopoen gainetik. Etorkizuna gurea da, herriarena da.

Iker eta Imanol Beristainen aldeko mobilizazioak Algortan eta Itzubaltzetan iruditan:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun